Txirrindularitza
Turkiako Itzulia, 4. etapa
Caleb Ewan Juan Jose Lobatori gailendu zaio 4. etapako goranzko esprintean
Agentziak | Erredakzioa
Euskadi-Murias taldeko Ander Barrenetxea eguneko ihesaldian sartu da, baina tropelak helmugarako 12 kilometrora harrapatu ditu.
-
Caleb Ewan. Argazkia: Efe.
Caleb Ewan australiarra Juan Jose Lobatori gailendu zaio Turkiako Itzuliko laugarren etapako esprintean. Sam Bennett irlandarrak sailkapen nagusiko lidergoan jarraitzen du.
Lobatok hasi du esprinta, baina Ewanek andaluziarra harrapatu eta gainditu du, denboraldiko bere lehen garaipena lortzeko. Bennett hirugarren izan da, denbora berean, eta lider jarraitzen du. Irlandarrak 24 segundoko aldea du Felix Grosschartnerrekin eta 26 Jhonatan Restreporekin.
Txirrindulariek 194,3 kilometroko ibilbidea egin dute Balikesir eta Bursa artean. Azken metroak aldapan gora izan dira eta horrek jokoz kanpo utzi ditu esprinter gehienak.
Eguneko ihesaldia bost txirrindularik osatu dute: Mauricio Moreira (Caja Rural-Seguros RGA), Lucas De Rossi (Delko Marseille Provence), Ander Barrenetxea (Euskadi), Thimo Willems (Sport Vlaanderen-Baloise) eta Feritcan Samli (Turkey).
Taldea txirrindulariak galtzen joan da eta tropel nagusiak helmugarako 12 kilometrora harrapatu ditu. Bennett liderraren Bora-Hansgrohe taldeak egindako lanari esker.
Larunbatean bosgarren etapa jokatuko dute, 164,1 kilometrokoa, Bursa eta Kartepe artean.