Itxi

Txirrindularitza

Harelbeke (Belgika)

Stybarrek bereganatu du E3 BinckBank klasikoa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txekiarrak Belgikako errepideetan denboraldi honetan lortu duen bigarren garaipena izan da gaurkoa, duela hilabete Het Nieuwsblad zirkuitua bereganatu baitzuen.

  • Zdenek Stybar, besoak gora garaipena ospatzen

    Zdenek Stybar, besoak gora garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Zdenek Stybar txekiarrak Deceuninck-Quick Step taldearen nagusitasuna berretsi du E3 BinckBank Classic sarian. Txirrindulariek 204 kilometro bete behar izan dituzte Harelbeke (Belgika) hirian hasi eta amaitu den lasterketa osatzeko.

Stybarrek Belgikako errepideetan denboraldi honetan lortu duen bigarren garaipena izan da gaurkoa; izan ere, duela hilabete Het Nieuwsblad zirkuitua bereganatu zuen.

Oraingo honetan, txekiarrak bere abiadura baliatu du probako azken metroetan, bost kideko taldetxoko azkarrena izateko. Bere atzetik sartu dira, hurrenez hurren, Wout Van Aert (Jumbo-Visma) eta Greg Van Avermaet (CCC).

Stybarren garaipena talde-lanaren emaitzak ekarritako saria izan da. Bob Jungels taldekideak lasterketako saiakera serioenetakoa egin du azken 60 kilometroetan. Aitzitik, proba irabazteko faboritoz osatutako talde batek harrapatu du helmugara heltzeko zazpi kilometroren faltan. Orduantxe iritsi da Stybarren txanda klasikoaren palmaresean Niki Terpstraren lekua hartzeko. Terpstra aurten Direct Energie taldean baldin badago ere, joan zen urteko garaipena Quick Stepeko taldeko kide gisa lortu zuen.