Itxi

Txirrindularitza

Maiatzetik aurrera

Ineos izango da Skyren babesle berria

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Babesle berria enpresa kimiko bat da, eta maiatzaren 1etik aurrera emango dio izena talde britainiarrari.

  • Skyk Paris-Nizako taldekako sailkapena irabazi berri du.

    Skyk Paris-Nizako taldekako sailkapena irabazi berri du. Argazkia: EFE

Skyk astearte honetan jakinarazi duenez, Ineos enpresa kimikoak babestuko du Britainia Handiko txirrindulari taldea maiatzaren batetik aurrera.

Duela hiru hilabete, Sky telebista kateak aurreratu zuen txirrindulari taldea babesteari utziko ziola 2019ko denboraldi amaieran, hamar urtez zeregin horretan ibili ostean. Egoera horren aurrean, ezbaian zegoen kirol horretako inoizko talderik indartsuenetako baten etorkizuna.

Alabaina, Ineosen etorrerak talde britainiarrak aurrera jarraituko duela ziurtatzen du. Hain zuzen ere, maiatzaren 2an, Yorkshireko itzuliaren hasierarekin batera, ekingo dio taldeari izen berria jartzeari.

Dave Brailsford kirol-zuzendaria pozik agertu da Ineosen helduerarekin: "Albiste ona da taldearentzat, txirrindularitzako zaleentzat eta kirolarentzat orokorrean".

Bere aldetik, Jim Ratcliffe Ineos enpresako jabeak azpimarratu duenez, bere enpresa "pozarren dago hain profesionala den taldea zuzentzeaz".

Skyren eta Britainia Handiko Txirrindularitza Federazioaren (British Cycling) arteko harremana 2008an hasi zen. Lehendabizi, pistako txirrindularitzarekin. Handik bi urtera, errepideko txirrindularitzara egin zuen jauzi, helburu nagusi batekin: Britainia Handiko txirrindulari batek Frantziako Tourra irabaztea lor zezala. Arrakasta 2012an iritsi zen Bradley Wigginsekin. Horren ondoren heldu ziren Chris Froomeren garaipenak (2013, 2015, 2016 eta 2017an), baita joan zen denboraldian Geraint Thomasek lortutakoa ere. Vincenzo Nibali italiarra izan da nagusitasun hori eten ahal izan duen bakarra, 2014an irabazitako Tourrarekin.