Txirrindularitza
Tirreno-Adriatico (6. etapa)
Alaphilippek irabazi du Jesin, eta Yates urdinez helduko da azken erlojupekora
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziarrak Cimolai (Israel Cycling Academy) eta Viviani (Quick-Step) azpiratu ditu azken esprintean, eta aurtengo ekitaldiko bigarren garaipena lortu du.
Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step) txirrindulariak irabazi du Tirreno-Adriatico lasterketako seigarren etapa, Matelica eta Jesi artean (195 kilometro) jokatu dena. Bere aldetik, Adam Yates (Mitchelton-Scott) lider helduko da azken etapan izango den erlojupekora.
Horrenbestez, astelehen honetakoa Alaphilippe frantziarrak aurtengo Tirrenon lortzen duen bigarren garaipena izan da. Dena den, lasterketako bigarren jardunaldian lortutakoa maldan gorako bukaera batean lortu zuen eta esprinter iaiorik gabe. Gaurkoan, aldiz, Vivianiri eta gainerako espezialistei gailendu zaie.
Frantziarra Deceuninck-Quick Stepeko taldekideek antolatutako multzoan zegoen, azken errelebo ikusgarria eman duen Machi Richeze taldekidearen atzean. Aldiz, Viviani taldekideak, Jesingo helmugan irabazteko faborito nagusiena zenak, Peter Sagan (Bora-Hansgrohe) munduko txapeldunaren gurpila hartzea erabaki du, eta ez dio denborarik eman ez Cimolai ez bere taldekidea harrapatzeko.
Sailkapen nagusiari begira, ez da aldaketarik izan, eta aurtengo ekitaldia astearte honetan erabakiko da, San Benedetto del Tronto herrian hasi eta bukatuko den 10 kilometroko erlojupekoan. Ibilbide guztiz lauari egingo diote aurre txirrindulariek, eta, ondorioz, Yates liderrak sufritu egin dezake.
Britainiarrak 25 segundoko aldea dauka erlojupekoetan bera baino hobeto moldatzen diren Primoz Roglic (Jumbo-Visma) esloveniarrarekiko eta 35, Jakob Fuglsang (Astana) daniarrarekiko. Tom Dumoulin espezialista laugarrena da sailkapenean, baina bere atzerapena handiegia da(1:55) lasterketaren garaipenaren lehian egon dadin.