Itxi

Txirrindularitza

4. etapa

Caleb Ewan nagusitu da Hattan; Roglicek lider jarraitzen du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lotto taldeko txirrindulari australiarra Moschettiri eta Roglici gailendu zaie Hatta hiriko urtegiko aldapa gogorretan.

  • Caleb Ewan, triunfador en la cuarta etapa

    Caleb Ewan, triunfador en la cuarta etapa

Caleb Ewan (Lotto Soudal) australiarrak eskuratu du Arabiar Emirerri Batuetako Itzuliko 4. etapa, Dubai Palm Jumeirah uharte artifizialean hasi eta Hatta hiriko urtegiaren artean jokatu dena (197 kilometro). Primoz Roglic esloveniarrak (Jumbo) liderraren elastiko gorriari eutsi dio.

Ewanek azken metroetako aldapa gogorretan egin du eraso, eta ezerezean utzi du Emirates taldeak Alexander Kristoffen aukeren mesedetan egindako lana.

Australiarraren atzetik, Matteo Moschetti (Trek) italiarra eta Roglic liderra sartu dira, hurrenez hurren, bi segundora. Alejando Valverdek (Movistar) etapa irabazteko aukerak galdu ditu amaierara iristeko 6 kilometroren faltan, eroriko handi baten eraginez bere martxa gelditu behar izan duenean. Ondoren, jazarpen lanari ekin dio aurretik zihoazenen bila; alabaina, zeregin horretan gastatu dituen indarrak faltan bota ditu azken metroetan. Horrenbestez, hirugarren etapako irabazlea zortzigarren izan da asteazkeneko etapan, irabazlearekiko bost segundo atzerapenarekin.

Aipatu erorikoak tartean harrapatu ditu Astana taldeko Gorka Izagirre eta Omar Fraile euskal txirrindulariak. Hausturarik izan ez duten arren, erredura ugari jasan dituzte.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Roglicek jarraitzen du lehen postuan, eta 21 segundora arte zabaldu du Valverderekiko zuloa. Hirugarren tokian, berriz, David Gaudu (Groupama) frantziarra dago, 38 segundoko atzerapenarekin.

Ostegun honetan, bosgarren etapa lehiatuko dute txirrindulariek. Sharjah-Flag uhartean hasiko dute 181 kilometroko ibilbidea, eta Khor Fakkan hirian egongo da kokatuta helmuga.