Itxi

Txirrindularitza

San Juaneko Itzulia: 3. etapa

Alaphilippe nagusitu da erlojupekoan eta sailkapen nagusiko lidergoa lortu du

Agentziak | Erredakzioa

Frantziako txirrindulariak erlojupekoa irabazi du eta San Juaneko Itzulian lider jarri da. Laugarren etapak 185,8 kilometro eta lehen mailako bi mendate izango ditu.

  • Julian Alaphilippe. Argazkia: Twitter (@vueltasanjuanok)

    Julian Alaphilippe. Argazkia: Twitter (@vueltasanjuanok)

Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step) sasoi onean dagoela erakutsi, eta Pocitoko erlojupekoa irabazi zuen. Horrekin batera, San Juaneko Itzuliaren lidergoa lortu zuen frantziarrak. Hurrengo jardunaldian, 185,8 kilometro eta lehen mailako bi mendate dituen ibilbidean arituko dira txirrindulariak.

Frantziako txirrindulariak 2019ko bere bigarren garaipena lortu zuen 12 kilometroko erlojupekoan, nagusitasun osoz gailenduz. Valerio Conti (UAE Team Emirates) sailkatu zen bigarren eta Remco Evenepoel (Deceuninck-Quick Step), Alaphilippen taldekidea, hirugarren.

Fernando Gaviria (UAE Team Emirates) kolonbiarrak, lehenengo bi jardunaldietan sailkapen nagusiko lehenengo postuan izan den txirrindulariak, lidergoa galdu zuen erlojupekoan irabazleak baino 21 segundo gehiago behar izan baitzuen ibilbidea egiteko.

Hala ere, jardunaldi honetako protagonista Iljo Keisse (Deceuninck-Quick Step) izan zen; izan ere, Club Pedal Olimpia San Juaneko Itzuliko antolatzaileak kaleratu egin du Belgikako txirrindularia, sexu abusuak egin izana egotzita.

Informazio ofizialen arabera, zerbitzari batek argazki bat egin zuen Deceuninck-Quick Step taldeko txirrindulari batzuekin, eta, argazkia ateratzen ari zenean, Iljo Keissek keinu sexuala egin zion 18 urteko gazteari.

San Juaneko Itzuliko laugarren etapak 185,6 kilometro izango ditu, eta Jachaleko San Jose eta San Agustin hiribilduaren artean ibiliko dira txirrindulariak. Jardunaldi honetan, lehen mailako bi mendate eta hirugarren mailako mendate bat igo beharko dute txirrindulariek.

Hirugarren etapako sailkapena
Denbora
1Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step)13:41
2Valerio Conti (UAE Team Emirates)+00:12
3Remco Evenepoel (Team Dimension Data)d. b.
4Felix Grosschartner (Bora-Hansgrohe)+00:16
5Winner Anacona (Movistar Team)d. b.
6Fernando Gaviria (UAE Team Emirates)+00:21
7Peter Sagan (Bora-Hansgrohe)+00:26
8Tom Bohli (UAE Team Emirates)+00:28
9Laureano Rosas (Asoc. Civil Mardan)+00:30
10Oscar Sevilla (Medellin)d. b.


Sailkapen orokorra
Denbora
1Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step)7:15:16
2Fernando Gaviria (UAE Team Emirates)+00:18
3Valerio Conti (UAE Team Emirates)+00:22
4Remco Evenepoel (Team Dimension Data)d. b.
5Felix Grosschartner (Bora-Hansgrohe)+00:26
6Winner Anacona (Movistar Team)d. b.
7Peter Sagan (Bora-Hansgrohe)+00:32
8Laureano Rosas (Asoc. Civil Mardan)+00:40
9Oscar Sevilla (Medellin)+00:41
10Simone Consonni (UAE Team Emirates)+00:44