Txirrindularitza
Andaluziako Itzulia, 3. etapa
Sacha Modolok Granadan egindako akatsa ahaztu eta aise irabazi du Herreran
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Wout Poels herbeheretarrak liderraren elastikoari eutsi dio, gainera segundo bat gehiago atera ahal izan die bere atzetik dituenei.
-
Sacha Modelok garbi irabazi du esprintean. Argazkia: EFE
Sacha Modolo (Education First-Drapac) txirrindulari italiarrak Andaluziako Itzuliko hirugarren etapako esprintean nagusitu da, Mancha Real (Jaen) eta Herrera (Sevilla) lotu dituen 165,1 kilometro bete ostean. Wout Poels (Sky) líder izaten jarraitzen du.
Modolo lehena izan da helmugan, eta, horrenbestez, lehendabiziko etapan Granadan egindako hutsa alde batera utzi du. Ordu hartan, besoak altxatu zituen etapa irabazi izan balu bezala; aitzitik, ezker aldetik Thomas Boudart frantziarrak aurre hartu zion. Gaurkoan, ordea, italiarrak ez du akats bera errepikatu, eta erraztasunez eskuratu du garaipena.
Wout Poels herbeheretarrak liderraren elastikoari eutsi dio, gainera segundo bat gehiago atera ahal izan die bere atzetik dituenei, besteak beste, Mikel Landari eta Chris Froomeri.
Ostiral honetako etapan lau izan dira eguneko ihesaldian sartu diren txirrindulariak: Marco Minnaaard (Wanti), Alvaro Cuadros (Caja Rural), Hector Saez (Murias) eta Oscar Cabedo (Burgos BH). Laukoteak 3:20ko aldea izan du gehienez, etapako 57. kilometroan, baina Astana tropeletik tiratzen hasi bezain pronto aldeak behera egin du.
Saez eta Cuadrado izan dira laukotetik ihesean gehien iraun dutenak, baina helmugara heltzeko 11 kilometroren faltan tropelak harrapatu egin ditu, eta esprintean Modolo aise nagusitu da.