Itxi

Txirrindularitza

ANDALUZIAKO ITZULIA

Thomas Boudat nagusitu da Granadako esprintean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bestalde, Chris Froomek lasterketa honetan ekin dio bere denboraldiari, eta etapari hasiera eman baino lehen, bere auzirako 'bidezko' epaiketa izatea eskatu du.

  • Thomas Boudat (irudiaren eskuinaldean) irabazi du lehen etapa. Argazkia: EFE

    Thomas Boudat (irudiaren eskuinaldean) irabazi du lehen etapa. Argazkia: EFE

Thomas Boudat (Direct Energy) txirrindulariak poltsikoratu du Andaluziako Itzuliko 64. ekitaldiko lehen etapa, Mijas (Malaga) eta Granada lotu dituena. Frantziarra izan da lehena helmugan 197 kilometro bete ostean, nahiz eta Sacha Modolo italiarrak (Education First) besoak altxatu dituen irabazle izanaren ustetan, baina ez da hala izan.

Lasterketa honetan ekin dio denboraldiari Chris Froome Skyko taldeburuak, eta tropelaren barruan ibili da lasai antzera Mikel Landarekin batera (Movistar).

Estreinako etapa honetako protagonista nagusiak ihesaldian ibili diren Lluis Mas (Caja Rural), Txomin Juaristi (Euskadi Fundazioa), Romain Sicard (Direct Energie), Silvan Dillier (AG2R La Mondiale) eta Garikoitz Bravo (Euskadi Murias) izan dira; alabaina, tropelak harrapatu egin ditu azken gaina igaro eta gero.

Ostegun honetan 140 kilometro izango dituen bigarren etapa jokatuko dute txirrindulariek, Otura (Granada) eta Las Allanadas (Jaen) gainaren artean.

Froomek "bidezko" epaiketa eskatu du

Etapari hasiera eman baino lehen, Tourra lau aldiz irabazi duen eta joan zen urteko Espainiako Itzulian salbutamolagatik emandako postiboarengatik balizko zigorraren zain dagoen Froomek "bidezko" epaiketa izatea eskatu du.

"Nire kasua era isilean zeramaten, beste txirrindulari askorena legez, baina publiko bilakatu zen filtrazio bat dela medio. Prozedura bidezkoa izan dadila besterik ez dut eskatzen, ez nire aldeko zalantza-benefiziorik. Entrenatu egin naiz, eta orain lasterketei ekin diet ez baitago hori egitea galarazten nauen ezer", gaineratu du.