Txirrindularitza
Denboraldia, amaitzear
Mikel Landa, Nibali, Kwiatkowski eta Gilbert, Lombardiako Giroan
L.E. | eitb.eus
Esteban Chaves iazko txapeldunak ezin izango du parte hartu Giro dell Emilian izandako erorikoaren ondorioz. Tom Dumoulin ere baja da, azken orduz ezezkoa eman ostean.
-
Quintana, Dumoulin eta Nibali. Argazkia: Efe.
Lombardiako Giroak UCI World Tour egutegiko azken lasterketetan gaudela iragartzen du, eta aurten denboraldi osoan onenen artean izan diren puntako txirrindularien arteko lehia ekarriko du.
Esteban Chaves da bajarik esanguratsuena, iazko irabazleak erorikoa izan zuen Giro dell Emilian eta ezin izango du irteeran egon.
Baina kolonbiarraren faltan, beste izen handi asko bilduko ditu lasterketak: Vincenzo Nibali (2015ko garailea), Dan Martin (2014ko garailea), Mikel Landa, Rigoberto Urán (Milano-Turino irabazi berri du), Nairo Quintana, Bauke Mollema, Julian Alaphilippe eta Michal Kwiatkowski, besteak beste.
Tom Dumoulin Italiako Giroko irabazlea parte hartzekoa zen, baina azken orduan irteeran ez dela egongo aditzera eman du bere taldeak, osasun arazoengatik.
Ibilbideak 247 kilometro dauzka, eta lasterketa azken 100eko tartean erabakiko da. Madonna del Ghisallo (8,5 kilometro % 6,2ko igoeran, eta % 14ko aldapekin), Sormanoko Horma eta Colma di Sormano (2 kilometro % 15,8an eta % 27ko aldapekin).
Azken zatia aldapan behera egingo dute eta azken kilometroa guztiz laua da.