Txirrindularitza
Munduko Txapelketa
Saganek historia egin du munduko txapelketa hirugarrenez jarraian irabazita
Agentziak | Erredakzioa
Kristoff norvegiarrak bigarren egin du, eta Matthews australiarrak, hirugarren. Lehen euskal txirrindularia Jonathan Castroviejo izan da, 32. postuan.
Peter Sagan eslovakiarrak historia egin du Munduko txapelketetan eta hirugarrenez jarraian jantzi du txapeldunaren maillota Bergenen, Norvegian, irabazita. Aurretik, Richmonen (2015) eta Dohan (2016) gailendu zen.
Saganen aurretik beste txirrindulari batzuek ere lortu dute munduko txapelketa hirutan irabaztea: Alfredo Binda italiarrak, Rick Van Steenbergen eta Eddy Merckx belgikarrek eta Oscar Freire espainiarrak. Baina eslovakiarra da txapela hiru bider jarraian irabazi duen bakarra.
Podiumeko bigarren tokia Alexandre Kristoff norvegiarrarentzat izan da, eta hirugarrena Michael Matthews australiarrarentzat.
Amaierako esprinta Kristoffek abiatu du, Saganek harrapatu egin du eta eslovakiarrak garaipena erraz zuela zirudienean norvegiarrak azken ahalegina egin du eta txapelketa irabaztear izan da.
Euskal txirrindulariei dagokienez, Jonathan Castroviejo 32. Postuan sartu da, Imanol Erviti 55.ean eta Gorka Izagirre 108.ean.