Txirrindularitza
Proiektu berria
Mikel Landak Euskadi Fundazioa berpizteko ardura hartu du
Erredakzioa
Euskal txirrindularia da Fundazioaren Patronatoko presidente berria eta Miguel Madariaga ordezkatuko du karguan. Proiektuaren jomuga Pro Tour taldea izatera iristea izango da.
-
Miguel Madariaga eta Mikel Landa. Argazkia: EiTB
Mikel Landa euskal txirrindularia da Euskadi Fundazioko Patronatoaren presidente berria. Ofizial egin dute bi aldeek astelehen honetan, prentsaurreko baten bitartez. Ondorioz, Miguel Madariaga ordezkatuko du karguan Landak.
Oraindik ez dakite taldea Kontinental mailan edo Amateur mailan lehiatuko den. Jasoko duten babesaren arabera hartu beharreko erabakia dela jakinarazi dute. Hala ere, helburua da, urte batzuen buruan taldeak Pro Tour maila lortzea.
"Euskal txirrindulariek eta gure lurretan hazitakoek osatuko dute taldea", adierazi dute Madariagak eta Landak. Euskadi Fundazioak 280.000€ aurrekontua izan du aurten eta prentsaurrekoan gogoratu duetenez, bazkideen laguntzari esker eutsi da proiektua azken urteetan.
Mikel Landak pazientzia eskatu die zaleei eta bazkideei: "Oraindik gauza asko daude airean eta pazientzia eskatu behar dizuet, baina lehen helburua Fundazioa salbatzea zen, eta hori da momentuz lortu duguna".
Landak Fundazioko bazkideei bidalitako oharra:
Fundazioko bazkideei bidalitako ohar batean, honakoa adierazi zuen Mikel Landak: "Fundazioak ahalik eta babes handiena behar izan duen une hauetan, proiektuari bultzada bat emateko laguntza aurkeztu dut Patronatoko kide izanda. Ilusio eta gogo handiarekin batzen naiz proiektura. Fundazioak euskal txirrindularitza bultzatu du 1993. urtetik eta horretan jarraitzeko ahalegin guztiak egingo ditut. Umiltasun osoz batu nahi naiz proiektu honetara. Ezin dut ahaztu urte hauetan guztietan Miguel Madariagak egin duen lana eta eskerrak eman nahi dizkiot nigan konfiantza izateagatik. Gustatuko litzaidake gai izatea berak euskal txirrindularitzagatik egin duen lanaren parean egon ahal izatea".
Madariagak Fundazioko bazkideei bidalitako oharra:
Euskadi Fundazioko presidentea izan den Miguel Madariagak idatzi hau bidali die bazkideei: "2018an Fundazioak 25. urteurrena beteko du. Urte hauetan guztietan 'Euskadi'ren izena eraman dugu munduko errepideetatik eta ohore bat izan da guztiontzat. Azken urte hauek, ordea, oso txarrak izan dira Fundazioarentzat eta egitura horretan aldaketak egin beharra izan dugu. Arrazoi horiek direla medio eta neke pertsonalaren ondorioz, alde batera egitea erabaki dut. Izen eta aurpegi berriak behar genituen eta orduan azaldu da Mikel Landa. Gure harrobian hazitako txirrindularia da, eta nor hobeto proiektu berri hau bideratzeko. Baliabide materialak eta pertsonalak jarri ditu Fundazioaren eskuetan. Ondorioz, inor hoberik ez dago proiektu honen buruan egoteko".