Itxi

Txirrindularitza

37 urte zituen

Michele Scarponi txirrindularia hil egin da ibilgailu batek harrapatuta

Agentziak | Erredakzioa

Italiarra Astanako taldeburua izatekoa zen 2017ko Giroan. 2011ko Giroa (Contadorri zigorragatik kendu ziotena), Kataluniako Volta eta Trentinoko Giroa irabazi zituen, besteak beste.

1:25

Michele Scarponi 37 urteko txirrindularia hil egin da larunbat honetan ibilgailu batek harrapatuta, entrenatzen zebilen bitartean. Ezbeharra Filottranon, Italian, gertatu da, txirrindulariaren etxetik gertu, Astana taldeak konfirmatutakoaren arabera.

"Michele goizean hil da, entrenatzen zebilela. Ezbehar handiegia da gertatutakoa idatziz adierazteko", dio Astanak ateratako komunikatuak.  "Furgoneta batel bidegurutze batean harrapatuta" hil dela esan dute.

Ostiralean, italiarrak laugarren egin zuen Alpeetako Tourrean, eta lasterketako lehen etapa irabazi zuen. Tourra amaitu ete bere etxera joan zen autoan, bere masajistarekin batera. Gaur goizean goiz bizikletarekin atera da entrenatzera. 1979ko irailaren 25ean jaio zen Scarponi; emaztea eta bi seme zituen.

"Txapeldun handia galdu dugu, pertsona berezia, beti irribarretsu. Astana Pro Teamen erreferentea zen", idatzi dute Astanako arduradunek. Familiari elkartasuna agertu diote “dolua eta tristura nagusi diren momentu honetan”.

Scarponi Astana taldeko liderra izatekoa zen bi aste barru hasiko den 2017ko Italiako Giroan. Besteak beste, Scarponik Italiako Giroa (Contadorri zigorragatik kendu ziotena), Kataluniako Volta eta Trentinoko Giroa irabazi zituen, guztiak 2011n. 2009ko Trentinoko Giroan ere gailendu zen.

Albistearen berri izan bezain laster, hainbat txirrindularik euren tristura agertu dute: "Hitzik ez. Pertsona eta txirrindulari handia galdu dugu" (Alejandro Valverde). "Harrituta eta hitz barik Scarponiren istripuaren berriizan dudanetik, pertsona izugarria, eta beti irribarretsu zegoena, goian bego" (Alberto Contador).

erto Contador).