Itxi

Txirrindularitza

Paris Niza, 1. etapa

Arnaud Demare gailendu da, haizeak baldintzatutako etapan

Agentziak | Erredakzioa

Frantziarra Julian Alaphilippe herrikidea baino azkarragoa izan da azken metroetan. Gorka Izagirre izan da lehen euskal txirrindularia helmugan, irabazlearengandik 19 segundora.

2:10

Arnaud Demare txirrindulari frantziarrak eraman du garaipena Paris Niza lasterketako lehen etapan. Haizea izan da protagonista, euria eta hotzarekin batera, eta lehia erabat baldintzatu dute.

Haizearen ondorioz, hogei bat txirrindularik osatutako taldea aurretik geratu da, eta faborito nagusietako batzuk ez dira talde horretan sartu.

Etapa garaipenari begira, esprinter garrantzitsuak izan dira talde horretan, baina denek ezin izan diote jarraitu taldearen erritmoari eta Kittel eta Greipel, besteak beste, atzean geratu dira.

Helmugarako bi kilometro falta zirenean, Julian Alaphilippek erasoa jo du eta Arnaud Demare esprinterra bere atzetik atera da.

Garaipena bien arteko lehian erabaki da, eta azkenean FDJ taldekoa nagusitu da.Hirugarren Kristoff izan da.

Faborito nagusiei dagokienez, Richie Porte 47 segundora sartu da, eta Alberto Contador minutu eta lau segundora.