Txirrindularitza
Romandiako Tourra, 2. etapa
Nairo Quintanak lidergoa kendu dio Ion Izagirreri
Agentziak | Erredakzioa
Quintanak 18 segundoko aldea du sailkapen nagusian Ilnur Zakarinekin, eta 20koa Izagirrerekin.
Nairo Quintana kolonbiarrak sailkapen nagusiko lehen postua kendu dio Ion Izagirre Movistarreko taldekideari, Romandiako Tourreko bigarren etapa esprintean irabazi ostean. Hala ere, Ilnur Zakarin izan da hasiera batean lehena helmugan sartzen, baina epaileek errusiarra zigortu dute, esprintean bidegabe aritzeagatik.
Quintana eta Zakarin aurretik jarri dira bigarren etaparen amaieran igo duten lehen mailako mendatean. Etapa esprintean erabaki dute. Kolonbiarrak jo du lehen erasoa, baina errusiarra aurretik jarri zaio helmugarako 30 metrora. Ondoren, kolonbiarrari bidea oztopatu dio, Quintanaren erreakzioa ekiditeko.
Handik minutu batzuetara, komisarioek etapa garaipena Nairori ematea erabaki dutem Zakarin bigarren postuan utzita, kolonbiarraren denbora berberarekin.
Nairo Quintana sailkapen nagusiko lehen postuan da orain, eta 18 segundoko aldea du Zakarinekin. Ion Izagirre, orain arteko liderra, hirugarren da, 20 segundora. Seigarren egin du Izagirrek etapan.