Itxi

Txirrindularitza

Paris-Roubaix

Haymanek ustekabean harrapatu ditu denak Roubaixko Belodromoan

Mikel Dominguez | eitb.eus

Orica-GreenEdgeko txirrindularia Boonen, Stannard, Vanmarcke eta Boasson Hagen baino azkarragoa izan da harbideetako klasikoan.

  • Hayman, lehenengoa Roubaixen / EFE.

    Hayman, lehenengoa Roubaixen / EFE.

Matthew Haymanek (Orica-GreenEdge) emozioz betetako Paris-Roubaix irabazi du, esprintean beste lau txirrindulariren kontra. Tom Boonen (Etixx-Quick Step), Ian Stannard (Sky), Sep Vanmarcke (Lotto NL-Jumbo) eta Edvald Boasson Hagen (Dimension Data) heldu dira australiarrarekin, baina ezin izan dute abiaduran garaitu.

37 urterekin, Haymanek bere kirol ibilbideko garaipenik handiena eskuratu du, eta bigarren postuan utzi du bosgarren harbidearen bila irten den Boonen.

Txirrindulariek Copiegne eta Roubaixen arteko bidea egin dute. 257 kilometroan 27 harbideko sektore igaro dituzte. Gogorrenean, Carrefour de l'Arbre delakoan (zailtasun handiko 2100 metro helmugatik 17 kilometrora), Vanmarckek metro batzuk hartu ditu, baina talde txikiak errepidean harrapatu du berriro.

Boonen eta Hayman elkarrekin batera sartu dira Andre Petrieux Belodromoan, eta gutxira atzeko hirurak batu zaizkie. Azken kilometroek eta Roubaixeko publikoaren aurreko itzuliak aukera guztiak irekita utzi dituzte bost gizon indartsuentzat. Helmugan, abiadurak erabaki du. Haymanek ere ezin zuen sinetsi.

Lehenago, Fabian Cancellarak (Trek-Segafredo) eta Peter Saganek (Tinkoff-Saxo), faborito nagusiek, ezin izan dute Boonenek ihes egitea galarazi. Belgiarra, izan ere, helmugatik 75 kilometrora bakarrik salto egin duen Haymanen bila irten da, talde batek lagunduta. Atzean, suitzarra lurrera joan da, eta eslovakiarrak, nahiz eta ez erori, denbora handiegia galdu du.

Imanol Erviti (Movistar), aldiz, talde horretan sartu da, eta eustea lortu du. Bederatzigarren bukatu du Iparraldeko Infernua, euskal herritar baten posturik onena.

PARIS-ROUBAIX LASTERKETAREN SAILKAPENA