Itxi

Txirrindularitza

Kataluniako Volta (6. etapa)

Cimolai (Lampre) gailendu da, azken-aurreko etapako esprintean

Agentziak | Erredakzioa

Bigarren Nikias Arndt alemaniarra (Giant) izan da, eta hirugarren, Tosh van der Sande belgikarra (Lotto).

1:16

Davide Cimolai italiarrak (Lampre) irabazi du, esprintean, Kataluniako Voltako seigarren etapa. 197,2 kilometroko ibilbidea egin dute txirrindulariek, Sant Joan Despí eta Vilanova i la Geltrú artean. Nairo Quintanak sailkapen nagusiko lidergoan jarraitzen du.

Tropela bat eginda joan da etapako lehen herenean, baina haize-boladek talde nagusia bi zatitan hautsi dute. Ihesaldi saiakera ezberdinak izan dira; lehenengoan, 60. Kilometroan, Vakoc (Etixx), Chaves (Orica), Ten Dam (Giant), Domont (AG2R) eta Hesjedal sartu dira, baina handik gutxira atzetik zetozen batzuek  harrapatu egin dituzte eta 11 txirrindulariko taldea sortu da.

Azken kilometroetan, bederatzi txirrindulari geratu dira ihesaldian, eta ondoren, sei geratu dira, Chaves, Hardy eta Minaard atzean geratu direlako. Hala ere, helmugarako kilometro batera talde nagusiak guztiak harrapatu ditu eta garaipena esprintean erabaki da. Hor, Cimolai izan da azkarrena.

Italiarraren atzetik Nikias Arndt alemaniarra (Giant) eta Tosh van der Sande belgikarra sartu dira.

Aldaketarik ez, sailkapen nagusian

Sailkapen nagusiari dagokionez, Nairo Quintanak (Movistar) lider jarraitzen du. Alberto Contador (Tinkoff) bigarren da, zazpi segundora, eta Richie Porte (BMC) hirugarren, 17 segundora.

Igandean zazpigarren eta azken etapa korrituko dute; 136,4 kilometro, Monjuicen hasi eta amaituta.