Txirrindularitza
Movistar Team
Quintanak Tourra du jomugan; Valverdek, Giroa
Agentziak | Erredakzioa
Movistarreko txirrindulariak 'ilusioz beteta' daude hurrengo denboraldiko erronkekin. Taldeak Kontzentrazioa egin du Gorraitzen (Nafarroa).
-
Alejandro Valverde, Eusebio Unzue eta Nairo Quintana, Gorraitzen / EFE.
Nairo Quintana eta Alejandro Valverde, Movistarreko liderrak, 'ilusionatuta' daude hurrengo denboraldiarekin. Kolonbiakoak Frantziako Tourra du jomugan, eta Espainiakoa Italiako Giroan arituko da. Bi txirrindulariek Olinpiar Jokoak lehiatuko dituzte, Rion.
Prentsaurrekoan, Quintanak Tourrean izan beharreko eboluzioaz hitz egin du: "Ez naiz gaztea jada, ezin izango dut maillot zuria irabazi. Polita da, baina nire asmoa horia da. Taldea alde dut eta bide horretan gaude".
Tourragatik "dena emango" duela esan du, "gogo askorekin" joango delako. Iazko "zorte txarra" kontuan hartuta, Quintanak uste du azken edizoko "sasoi berean joatea nahikoa" izan daitekela Tourra irabazteko.
Valverdek, bestalde, inoiz ezin izan du "Giroaz disfrutatu". Horregatik, "pauso hori emateko garaia da". "Ilusio bat da, eta gogoak ditut", esan du.
Murtziakoa klasikoetan egongo da, Flandriako Tourrean, adibidez. "Ezagutu nahi dut", baina "benetan lehiatzea zaila da, ez dudalako ezagutzen", gehitu du.
Valverdek ez du Espainiako Vuelta baztertu nahi izan, baina uste du "Giroan, Frantziako Tourrean eta Vueltan ondo egitea oso zaila da". Olinpiar Jokoen ostean, esan duenez, "taldeari laguntzen jarraitzea" ala "beste klasikak" egitea nahi duten ikusiko dute.