Txirrindularitza
Richmond 2015, erlojupekoa
Castroviejo domina lortzetik 3 segundora geratu da; Kiryienkak, urrea
Mikel Dominguez | eitb.eus
Bielorrusiako txirrindularia da munduko txapeldun berria erlojupekoan, Adriano Maloriri borroka estua irabazita. Getxokoak ezin izan du Jerome Coppelekin, eta harek eraman du brontzea.
-
Jonathan Castroviejo, Richmonden / EFE.
Jonathan Castroviejo domina lortzeko atarian geratu da erlojuaren kontrako Munduko Txirrindularitza Txapelketan. Bielorrusiako Vasil Kiryienkak irabazi du, Adriano Malori italiarra izan da bigarrena, eta Jerome Coppel frantziarra, berriz, hirugarrena. Getxokoa brontzetik 3 segundora geratu da.
Kiryienkak ordu bat, 2 minutu eta 29 segundo behar izan ditu 53 kilometroko ibilbidea egiteko. Lau onenak 30 segundoko aldean geratu dira, eta bosgarrena, Tom Dumoulin nederlandarrak minutu bat gehiago behar izan du. Garesti ordaindu du Espainiako Vueltan egindako lan gogorra.
Tony Martin zen faborito nagusia urrezko domina lortzeko, baina lesionatu zenetik gutxi lehiatu da, eta ez da aurkaria izan. Beste espezialista nagusiak, Rohan Dennisek, zulatua izan du.
Castroviejok oso lasterketa erregularra egin du, baina ezin izan du Coppel mendean hartu, eta haren denboratik 3 segundora geratu da.
Kyryienka eta Maloriren arteko borroka ere estua izan da, eta bien arteko aldea 9 segundokoa izan da azkenean.
SAILKAPENA