Itxi

Txirrindularitza

Kataluniako Itzulia, 1. etapa

Paterski izan da ihesaldiko indartsuena

Erredakzioa

Rolland frantziarra eta De Clercq belgikarra sailkatu dira bigarren eta hirugarren. Tropela 2:40ra helmugaratu da.

00:49

Maciej Paterski (CCC) poloniarra da Kataluniako Itzuliko aurreneko liderra Calellako etapa irabazita (185, 2 kilometro). Bera izan da ihesaldiko indartsuena eta Pierre Rolland (Europcar) frantziarra eta Bart de Clerq (Lotto) belgikarra bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.

Voltako lehen jardunaldiak ezusteko gidoia izan du. Tropela 2:40ra helmugaratu da eta, ondorioz, Rolland da proba eskuratzeko faborito nagusia.

Paterskik, Rollandek eta De Clerquek 60. kilometroan jo dute erasora eta 125 kilometro eman dituzte ihesaldian. Lortutako errenta helmugara heltzeko nahikoa izan da.

Asteartean bigarren etapa jokatuko da. Jardunaldia, 191,8 kilometrokoa, Matarotik (Bartzelona) irtengo da eta Oloten (Girona) izango du helmuga. Alt de Montagut (3. mailakoa) izango da etapako zailtasunik handiena, helmugarako 14,7 kilometroren faltan.

1. etapa:

1. Maciej Paterski (POL/CCC Sprandi-Polkowice) 4h33:41.
2. Pierre Rolland (FRA/Team Europcar) d.b.
3. Bart de Clercq (BEL/Lotto-Soudal) 2.
4. Tosh van der Sande (BEL/Lotto-Soudal) 2:40.
5. Julian Alaphilippe (FRA/Etixx-Quick Step) d.b.

Sailkapen nagusia:

1. Maciej Paterski (POL/CCC Sprandi-Polkowice) 4h33:31.
2. Pierre Rolland (FRA/Team Europcar) 4.
3. Bart de Clercq (BEL/Lotto-Soudal) 8.
4. Wout Poels (HOL/Sky) 2:47.
5. Nicolas Roche (IRL/Sky) 2:48.