Txirrindularitza
Dauphine
Froomek eta Contadorrek Tourra prestatuko dute Dauphinen
Mikel Dominguez
Intxausti Movistarreko liderra izango da. Pintokoak titulua kendu nahi izango dio Skyko txirrindulariari, igandetik aurrera, Frantziako itzuli handiaren azken entsegua.
-
Chris Froome / EFE.
Uztailean Frantziako Tourrean arituko diren talde eta txirrindulari gehienak Dauphinen elkartuko dira, Frantziako proba handiaren atariko bezala hartzen den astebeteko itzulia. Christopher Froome (Sky) eta Alberto Contador (Tinkoff-Saxo) dira maillot horia janzteko hautagai nagusiak, ekainaren 8 eta 15 bitartean.
Mendian erabakiko da txapelduna. Lasterketa erlojupeko labur batekin hasiko da (10 kilometro), Lyonen, eta lehenengo liderra aterako da etapa horretatik. Bigarrena goian bukatuko da, Col du Béalen (kategoria berezia). Bigarren asteburuan daude beste final garaiak, irabazlearen lehia argituko dutenak: Finhaut-Emosson (kategoria berezia) eta Courchevel (1.a).
Froome eta Contadorrez gain, Vincenzo Nibali (Astana) izango da gonbidatu berezia, Frantziako Tourrari begira. Faboritoen zerrenda osatzen dute Michal Kwiatkowskik (Omega Pharma-Quick Step), denboraldi hasiera bikaina egin duenak, eta Tejay Van Garderenek (BMC). Beñat Intxausti izango da Movistarreko liderra. Alejandro Valverdek Route du Sud nahiago izan du. Katiuxa Simon Spilakekin eta iazko hirugarren sailkatu Dani Morenorekin doa.