Txirrindularitza
Larunbatean, 13:50an
Toscanako lurra dute jomugan txirrindulariek Strade Bianchen
Erredakzioa
'Sterrato' delakoa izango da Italiako lasterketa gazteko protagonista. Fabian Cancellara (Trek), ordea, irabazteko faborito nagusia.
-
Fabian Cancellara (Trek), faborito nagusia. Argazkia: EFE.
Klasikoak gustuko dutenak Italiari begira egongo dira asteburu honetan: Strade Bianche lasterketa izango da larunbatean, eta Roma Maxima biziberritua igandean. Biak ikusi ahalko dira, zuzenean, ETBKn eta eitb.com-en. Strade Bianche 10:30etan hasiko da, eta zuzeneko irudiak 13:50an izango ditugu.
Harriak sterrato delakoak ordezkatuko ditu, hau da, Toscanako errepideetako lurra. Giaole in Chianti eta Sienako Piazza del Campo artean, 195 kilometro beteko ditu Strade Bianche lasterketak. Horietako 55, asfaltatu gabeko errepideak, aldapez beteak, izango dira. Izan ere, aldaketa mekanikoak egin beharko dituzte bizikletetan lasterketara ondo moldatzeko.
Fabian Cancellara (Trek) da faborito nagusia, bi garaipenekin 7 ediziotako lasterketan. Hirugarrena irabazten badu (soilik Arabiako itzulietan ibili da), sterrato zati bati bere izena jarriko dio. Alejandro Valverde (Movistar) oso momentu onean iritsiko da. Murtziakoak bost aldiz irabazi du aurten. Alboan Andrey Amador, irabazteko aukerekin, Jonathan Castroviejo, Beñat Intxausti, Enrique Sanz, Pablo Lastras, Jasha Sütterlin eta Fran Ventoso izango ditu.
Peter Sagan (Cannondale) hirugarrena da faboritoen zerrendan. Eslovakiakoa ondo estreinatzeko gogoekin joango da Toscanara. Iaz bigarrena izan zen, Moreno Moser taldekidearen atzetik. Italiakoak garaipena defendatuko du.
Samuel Sanchez Cadel Evansen laguntzailea izango da BMC taldean. Australiakoa irabaztera irtengo da. Bradley Wigginsek debuta egingo du lasterketa honetan. Ian Stannard izango du alboan, orain dela astebete Omloop Het Nieuwsblad irabazi zuen txirrindularia.