Txirrindularitza
Irtenbide baten bila
Euskal txirrindularitza sustatzeko talde bat sortu dute
Erredakzioa
SOS Euskadiko Txirrindularitza taldeak euskal txirrindularitza sustatzea du helburu, Euskaltel-Euskadi taldeak agur esan ondoren.
-
Euskaltel-Euskadi, Espainiako Itzuliko podiumean. Argazkia: EFE
SOS Euskadiko Txirrindularitza elkartearen oharra:
Azken hilabeteetan euskal txirrindularitzarekin lotuta izandako gertakizunen aurrean (Fernando Alonsok Euskaltel-Euskadirekin abiatu nahi zuen proiektuak porrot egin du, Euskadi Fundazioak eta NER Group taldeak akordioa lortu dute lehenengo eta bertan behera utzi dute gero), kirol eder honekin disfrutatzen dugun batzuek (zaleak, antolatzaileak, zikloturistak...) eskaria egin nahi diegu prozesu honetan parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztiei, irtenbide adostu bat bila dezaten.
Euskal talde profesional bat izatea ezinbestekoa dela uste dugu, batetik, Euskadiko txirrindularitza profesionalak jarraipena izateko, eta, bestetik, Euskadi taldean dauden gazteek, Euskaltel taldean ibili ondoren orain langabezian dauden txirrindulariek, hainbat talde amateurretan aritzen direnek eta txirrindularitza eskoletan dauden umeek kirol honetan aurrera egiteko aukera izan dezaten. Hau da, umeek eta gazteek jomuga euskal talde bat izateko, eta pedalei ilusioz eragiteko.
Urte askotan zehar, txirrindularitza izan da gure aurkezpen-gutuna atzerrian. Euskadi izena mundu osoan ikusi da, lasterketa onenetan eta txirrindulari onenekin. Eta euskaldun guztiok geunden hor ordezkaturik.
Azken urteetan, Estatuko txirrindularitza erakundeetako laguntzen bidez atera da aurrera euskal txirrindularitza ere. Baina eredu hau bukatu egin da, premia garrantzitsuagoak direla medio. Hala ere, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak oraindik zer esan badutela uste dugu.
Egun, esfortzu eta denbora asko eskainiz diharduten goi-mailako kirolari asko daude. Horietako askok Euskadi ordezkatzeko aukera izan dute. Txikitatik ezagutzen ditugu, txirrindularitza eskoletan hasi eta kadete mailara pasatu ziren arte. Gazte mailetako txapelketak irabazi dituzte horietako batzuek, bai errepidean, zein pistan edo ziklokrosean. Momentu honetan, lasai egin behar dute lan, baina ez dute talde bat hori egiteko. Lehen mailako kirolari gazteak dira, barnean duten guztia eman dute txirrindularitza munduan, Euskadiren izena zabaldu dute mundu osoan, baina gaur egungo egoera ikusita, horien etorkizuna ilun samarra da.
Azken asteotan entzundakoak entzunda, proiektu bat aurrera eramateko beharrezkoak diren osagaiak izan badirela uste dugu: ilusioz beteriko proiektua eta etorkizunerako oinarria.
Hori guztia dela eta, Facebook orrialde honen bitartez Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekotza eskatu nahi dugu, eta bide batez Euskadiko Txirrindularitza Federazioari mezu bera bidali nahi diogu. Korapilo hau irudimenez konpontzeko ahalegina eskatzen dugu, eta, besterik ez bada, kontinente mailan euskal talde bat izatea bermatzeko eskatzen dugu.
Txirrindulariak baditugu. Munduko zale onenak ditugu. Dirudienez, enpresa talde bat txirrindularitzaren aldeko apustua egiteko prest dago. Beraz, ez dugu ulertzen blokeo hau.
Komunikatu honen bukaeran dagoen Facebookeko orrialdean "ME GUSTA" aukeraren gainean klik egiteko gonbidapena egin nahi dizuegu guztioi. Orri hau eztabaidagune bihurtzea nahiko genuke. Ez gara besoak gurutzatuta geratuko. Indarrak batu ditzagun, proiekturen bat aurrera eramateko. Goi-mailako lasterketetan gure txirrindulariak gure taldea bultzatzen ikusi nahi ditugu, besterik ez.
www.facebook.com/
Gure txirrindulariek euskal zaleen beroa sentitu dute beti errepideetan. Azken bultzada emateko aukera dugu orain aurrean, txirrindulariak alde batera ez uzteko aukera paregabea.
Denbora bukatzear dago.
Euskal txirrindularitzak ez du hau merezi. Mila esker.