2013ko Tirreno-Adriatiko ikusgarria zuzenean jarraitu ahal izango da, martxoaren 6tik 12ra, ETB-1en eta eitb.com-en. Itzuliak zazpi etapa izango ditu, eta lehenengoa taldekako erlojupekoa izango da (San Vincenzo-Donoratico, 16.9 kilometro). Txirrindulariek erlojupekoan aurreneko alde garrantzitsuak lortzeko abagunea izango dute. Ondoren bi etapa luze etorriko dira, eta esprinterrek euren aukerak izango dituzte. Hala ere, ihesaldietan ohituta daudenek ere euren abaguneak izango dituzte. Itzuliko etaparik garrantzitsuena laugarrena izango da, Prati di Tivoko igoeran bukatuko baita. Helmugaratzeko tropelak 14,6 kilometroko mendatea igo beharko du, eta faboritoek aurpegia eman beharko dute. Bosgarren etapa Chietin bukatuko da, iaz Peter Saganek ezustekoa eman zuen toki berean, baina txirrindulariek aurretik Passo Lanciano (11,3 kilometro, %8,5eko bataz besteko maldarekin) igo beharko dute. Seigarren etapa zirkuitu baten izango da, eta tropelak hiru aldiz gainditu beharko du Sant’Elpidio a Mare. Azkeneko etapa 9,3 kilometroko erlojupekoa izango da. Faboritoak Iaz, Vincenzo Nibali italiarrak irabazi zuen Tirreno-Adriatiko proba, eta Astanako liderra da faborito nagusia aurtengoan ere. Hala ere, aurten ‘oilar’ asko egongo dira errepidean, eta borroka ikusgarria izango da. Bauke Mollema (Blanco), Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Cadel Evans (BMC), Joaquim Rodriguez (Katusha), Tony Martin (Omega Pharma), Chris Froome (Sky) eta Alberto Contador (Saxo Bank) ziur aurrean egongo dira. Gainera, maila handiko esprinterren zerrenda ere ikusgarria da. Cannondale taldeko Peter Sagan eta Moreno Moser sasoi bikainean helduko dira, eta Mark Cavendish (Omega Pharma), Andre Greipel (Lotto), John Degenkolb (Argos) eta Matthew Goss (Orica-Greenedge) ere garaipenaren lehian arituko dira.