Itxi

Txirrindularitza

Epaiketa

'Noizean behin' Fuentesekin harremana izan zuela onartu du Viciosok

Erredakzioa

"Nire medikua izan zen 1999tik 2002ra bitartean; Kelmeko medikua zen. Liberty (2004-2006) taldean noizean behin berarekin harremanetan egon nintzen", adierazi du.

  • Angel Vicioso Katiuxako txirrindularia. EFE

    Angel Vicioso Katiuxako txirrindularia. EFE

Angel Vicioso Katiuxa taldeko txirrindulariak lekuko gisa deklaratu du gaur Puerto Operazioaren auziko epaiketan. Eufemiano Fuentes medikuarekin "noizean behin" harremana izan zuela onartu du Viciosok.

"Nire medikua izan zen 1999tik 2002ra bitartean, Kelmeko medikua zen. Liberty (2004-2006) taldean noizean behin berarekin harremanetan egon nintzen. Arazoren bat nuenean galdetzeko deitzen nion; esaterako, Frantziako Tourrean erori eta belaunean min hartu nuen. Arazoa konpontzeko galdetu nion", azaldu du.

Eufemiano Fuentes traumatologoa ote zen galdetu dio txirrindulariari UCIren abokatuak. "Nahiz eta traumatologian aditua ez izan, mediku ona zen" eta "konponbide bat" emango ziola pentsatu nuen, erantzun du.

Fuentesek sekula odolik atera ez diola esan du Viciosok: "Noizbait azterketaren bat egiteko odola atera zidan. Kelmen horrela lan egiten zuen".

Medikuarekin "hoteletan eta tabernetan" hitzordua jartzen zuela erantsi du lekukoak. 2004-2005 denboraldian Kanariako medikuaren kontsulten truke dirurik ordaindu ez zuela adierazi du Aragoiko txirrindulariak.

Bestalde, Ignacio Labarta auzipetuarekin harreman profesional eta pertsonal estuagoa izan zuela onartu du Viciosok.

DNA frogak egiteko arazorik ez duela esan du txirrindulariak, Fuentes medikuaren etxebizitzetan atzemandako odol poltsak bereak ez direla egiaztatzeko.