Txirrindularitza
Puerto Operazioa
Angel Vicioso taldetik at utzi du Katiuxak
Erredakzioa
Errusiako taldeak Angel Vicioso txirrindulari espainiarra taldetik at uztea erabaki du, Puerto Operazioko epaiketara deklaratzera joan behar zela ezkutatzeagatik.
-
Katusha. Argazkia: EFE
Katiuxa taldeak Angel Vicioso kanporatzea erabaki du, Puerto operazioko "epaiketan deklaratu behar zuela ezkutatzeagatik". Txirrindulari espainiarrak ostiralean deklaratu beharko du, baina epaitegia ezin izan da oraindik berarekin harremanetan jarri.
Viatxeslav Ekimov Katiuxako zuzendariak horrela azaldu dio R-Sport Errusiako hedabideari: "Viciosori deklaratzera joan behar zen ala ez galdetu nion, baina guztia konponduta zegoela esan zidan, epaitegiarekin dena hitz eginda zuela eta dokumentazioa erraztu ziola. Hala ere, ez zen egia".
Angel Vicioso lehiatzen jarraitzen duen txirrindulari bakarra da, epaiketara deitu dituztenen artean, eta otsailaren 12an deklaratzeko deitu zuten. Txirrindularia bizkarreko minak jota zegoen, eta medikuaren agiria aurkeztu zuen.
Epaileak otsailaren 22rako deitu du berriro, baina txirrindularia ezin izan dutela aurkitu azaldu du Julia Patricia Santamaria magistratuak. Hala ere, Madrilgo Justizia Epaitegi Nagusiak Lleidatik bideokonferentzia bidez deklaratuko duela ziurtatu du.
"UCIrekin ahal den guztian lan egiten saiatzen gara, gure eguneroko lanean jarritako protokolo guztiak betetzen, eta jarrera hau ezin daiteke onartu: gure irudiarentzat kaltegarria da", esan du Ekimovek.