Itxi

Txirrindularitza

Epaiketa

Hamilton: 'Eufemiano Fuentesek odol-transfusioak egin zizkidan'

Erredakzioa

Txirrindulari ohiak 2002 eta 2004 urteen artean Fuentesek EPOa eta beste hainbat produktu eskaini zizkiola onartu du Puerto Operazioko epaiketan.

  • Tyler Hamiltonek, bideokonferentzia bidez hitz egin du . Argazkia: EFE

    Tyler Hamiltonek, bideokonferentzia bidez hitz egin du . Argazkia: EFE

Tyler Hamilton txirrindulari ohiak, 2002 eta 2004 urteen artean, Eufemiano Fuentesen bezeroa izan zela onartu du. Bjarne Riisek, orduko CSC taldeko zuzendariak, Fuentesekin konatktuan jarri zuela azaldu du estatubatuarrak.

Hamiltonek Puerto Operazioko testigu gisa deklaratu du, bideokonferentzia bidez, eta Eufemiano Fuentesekin zuen harremanean "odol-transfusioak" funtsezkoak izan zirela onartu du. "EPOa, testosteroma, eta dopatzeko beste hainbat produktu eskaintzen zituen", esan du txirrindulari ohiak.

Estatubatuarrak aurreneko kontaktua nola gauzatu zen azaldu du: "Telefonoz hitz egin genuen, eta elkar ezagutzeko batzartu ginen. Gironatik Valentziara joan nintzen, eta errepideko atseden gune baten batzartu ginen, 2002ko urtarrilean".

Batzar horretan "etorkizuna prestatu" zutela esan du Hamiltonek. Funtsean, odol-transfusioak egitea, eta Eufemiano Fuentesek eskaini zizkion zerbitzuak zehaztu zituzten. Estatubatuarrak tratamendua hasi zuenean ez zuela dokumenturik sinatu azaldu du."Dopatzeko aurreneko topaketa Madrilen egin genuen, Merino Batres jaunaren laborategian. Eufemiano Fuentes bakarrik izan zen bertan, eta odol poltsa bat atera zidan. Hala ere, geroago gehiago atera zidan", esan du Tyler Hamiltonek.

Guztira, "15 aldiz gutxi gorabehera" elkar ikusi zutela, eta topaketa guztietan "odol-transfusioak" egin zituztela azpimarratu du txirrindulari ohiak.