Itxi

Itzulia Women

Itzulia Women

Itzulia Women

Itzulia Women 2024

Volleringek irabazi du 2024ko Itzulia, azken etapan erakustaldia emanda

EITB Media

Demi Vollering da 2024ko Itzulia Women lasterketako txapelduna. Herbeheretarrak erasoa jo du helmugarako 30 kilometro falta zirenean, eta aurkari guztiak atzean utzi ostean bereganatu du garaipena. Mischa Bredewold izan da bigarren sailkapen nagusian, eta Juliette Labous hirugarren.

0:36
Bredewold, Vollering eta Labous

Demi Volleringek (SD Worx-Protime) irabazi du 2024ko Itzulia Women lasterketa, hirugarren etapan garaipena bereganatuta. Herbeheretarrak azken etapan erakustaldia emanda jantzi du txapela.

Ziklistek Donostian hasi eta bukatutako 114,9 kilometroko ibilbideari egin diote aurre. Hamabi txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia: Blanka Vas (SD Worx-Protime), Amanda Spratt (Lidl-Trek), Agniszka Skalniak-Sojka (Canyon-SRAM Racing), Eleonora Ciabocco (DSM-Firmenich PotNL), Marie Le Net (FDJ-Suez), Inge van der Heijden (Fenix-Deceuninck), Urska Zigart (Liv AlUla Jayco), Claire Steels (Movistar), Nikola Moskova (Cofidis), Victorie Guilman (St Michel-Mavic-Auber93), Elena Pirrone (Roland) eta Laura Asencio (Ceratizit-WNT).

Ihesaldiko taldeak ia hiru minuturainoko aldea atera dio tropel nagusiari, baina helmugarako 50 kilometro falta zirenean SD Worx taldeak tropelaren erritmoa bizitu du, eta lasterketaren buruarekiko desabantaila murrizten hasi da.

Mendizorrotzeko mendatean harrapatu ditu tropelak ihesaldiko 12 txirrindulariak, helmugarako 30 kilometro falta zirenean. Tropela bera ere asko murriztu da, baina han egon dira Itzulia irabazteko faborito nagusiak. Igoerako azken kilometroan, Demi Volleringek jo du erasoa, eta aurrera egin du Juliette Labousekin (DSM-Firmenich PotNL) batera. Hala ere, Mendizorrotzeko azken maldetan, Labousek ezin izan dio Volleringen erritmoari eutsi. Herbeheretarra izan da onena maldan gora, eta bakarrik geratu da lasterketaren buruan.

Atzetik, Vollering harrapatzen saiatu da hauek osatu duten taldea: Juliette Labous, Niamh Fisher-Black (SD Worx-Protime), Marlen Reusser (SD Worx-Protime), Isabella Holgrem (Lidl-Trek), Amanda Spratt (Lidl-Trek), Evita Muzic (FDJ-Suez), Pauliena Rooijakkers (Fenix-Deceuninck) eta Thalita De Jong (Lotto Dstny). Mischa Bredewold (SD Worx) liderra atzerago geratu da beste taldetxo batean.

Volleringek 30 kilometro eman ditu buruan, eta etapa irabazi du, atzekoek ezin izan dutelako herbeheretarra harrapatu. De Jong izan da bigarren eta Bredewold hirugarren, bigarren taldearekin bat egin eta esprint ona eginda.

Sailkapen nagusiaren gorenean amaitu du Demi Volleringek, Mischa Bredewold izan da bigarren eta Juliette Labousek osatu du podiuma, hirugarren postuan amaituta.

SAILKAPEN GUZTIAK