Itxi

Itzulia Women

Itzulia Women

Itzulia Women

Itzulia Women 2024

Bredewoldek lidertza sendotu du Itzulian, bigarren etapa jarraian irabazita

EITB Media

Mischa Bredewoldek bigarren etapa garaipena bereganatu du aurtengo Itzulia Women lasterketan, eta sailkapen nagusiko lidertza sendotu du. Herbeheretarra esprintean nagusitu zaie Mavi Garciari eta Juliette Labousi.

0:55
MIscha Bredwold

Mischa Bredewoldek (SD Worx-Protime) irabazi du 2024ko Itzulia Women lasterketako bigarren etapa. Ondorioz, sailkapen nagusiko lidertza sendotu du bigarren garaipena jarraian eskuratuta, lehen etapan ere nagusitu baitzen.

Txirrindulariek Basaurin hasi eta amaitu den 104 kilometroko ibilbideari egin diote aurre. Mugimenduak eta ihesaldi saiakerak ugariak izan dira hasieratik. Hala ere, tropelak ez du ihesaldirik baimendu. Etapak erritmo bizia izan du, eta, hori dela eta, tropelean txirrindulari batzuk moztuta geratu dira, baina gehienak lasterketaren buruan joan den taldean mantendu dira.

Tropela helmugarako 37,5 kilometro falta zirenean hautsi da, Urruztigaina mendatean. Niamh Fisher-Blackek (SD Worx-Protime) piztu du sua, erritmoa bizituta, eta taldea apurtu du. Gero, Urruztigainako igoera bukatzeko 400 metro falta zirenean, Demi Volleringek (SD Worx-Protime) jo du erasoa, eta herbeheretarra geratu da lasterketaren buruan. Jaitsieran, Marlen Reusser (SD Worx-Protime) taldekidea eta Elise Chabbey (Canyon-SRAM Racing) batu zaizkio Volleringi.

Ondoren, beste bost txirrindularik egin dute bat lasterketaren buruko taldearekin: Juliette Labous (DSM-firmenich PostNL), Evita Muzic (FDJ-Suez), Pauliena Rooijakkers (Fenix-Deceuninck), Mavi Garcia (Liv AlUla Jayco) eta Ricarda Bauernfeind (Canyon-SRAM Racing).

Helmuraga heltzeko 16 kilometro falta zirenean, 30 txirrindularik osatutako tropeltxoak bat egin du lasterketaren buruan zihoan zortzikotearekin. Atzetik etorritako taldean zeuden Mischa Bredewold liderra eta Ane Santesteban (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa), besteak beste.

Bazirudien etapa esprintean erabakiko zela, baina Labousek erasoa jo du, eta haren atzetik abiatu dira Mavi Garcia eta Bredewold. Hala, hirukoteak segundo gutxi batzuetako aldea atera dio tropelari.

Azkenean, lasterketaren buruko hirukotearen artean erabaki da irabazlea. Hiruren arteko esprintean, Bredewold izan da onena, Garcia bigarren eta Labous hirugarren. Lau segundora helmugaratu da tropela.

Horrela, bada, Bredewold dago sailkapen nagusiko lehen postuan; Mavi Garcia da bigarren, 15 segundora; Juliette Labous hirugarren, 16ra, eta Demi Vollering laugarren, 20ra.

SAILKAPEN GUZTIAK