Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

14. ETAPA

Filippo Ganna gailendu da Italiako Giroko bigarren erlojupekoan

EITB Media

Italiako txapeldunak saio bikaina egin du. Tadej Pogacar izan da bigarrena, eta Thymen Arensman geratu da hirugarren.

1:36
Filippo Ganna

Filippo Gannak (Ineos) irabazi du Italiako Giroko bigarren erlojupekoa, Tadej Pogacarren (UAE) eta Thymen Arensmanen (Ineos) aurretik. Italiako txapeldunak 35 minutu eta bi segundo behar izan ditu 31,2 kilometroko ibilbidea egiteko, Castiglione delle Stiviere eta Desenzano del Garda udalerrien artean. Pogacarri 29 segundoko aldea atera dio helmugan, eta Arensmani, minutu bat eta zazpi segundokoa.  

Zazpigarren etapako erlojupekoan, aurtengo edizioko lehenengoan, Pogacar nagusitu zitzaion Gannari, baina oraingoan ez da halakorik gertatu, eta italiarrak mendekua hartu du.

Gannak hegan egin du: ibilbidearen hainbat tartetan, 70 km/h-ko abiaduran joan da, eta 35 minutu eta bi segundoan gelditu du erlojua. Saioaren lehendabiziko zatian, Pogacarrek egin du denborarik onena, baina bigarren zatian indarra galdu du, eta irabazleak baino 29 segundo gehiago behar izan ditu helmugaratzeko.

Ineos taldearentzat egun bikaina izan da; izan ere, hiru txirrindulari sartu ditu lehenengo bost sailkatuen artean: Thymen Arensman izan da hirugarrena, eta Geraint Thomas sailkatu da laugarrena.

Magnus Sheffield (Ineos) saio ona egiten ari zen, eta ematen zuen Gannari etapa lehiatzeko moduan egongo zela, lehen zatian berak egin baitu bigarren denborarik onena, baina erorikoa izan du eta hor zapuztu dira bere aukera guztiak.  

Horrela, Ganna gailendu da Giroko bigarren eta azken erlojupekoan, eta Pogacarrek lidertza sendotu du, 3 minutu eta 41 segundo ateratzen baitizkio orain sailkapen nagusian gertuen duen aurkariari, Geraint Thomasi.

ETAPAKO SAILKAPENA:

1. GANNA Filippo (INEOS) 35.02

2. POGACAR Tadej (UAE) +0.29

3. ARENSMAN Thymen (INEOS) +1.07

4. THOMAS Geraint (INEOS) +1.14

5. PLAPP Luke (Jayco AlUla) +1.18

6. TIBERI Antonio (Bahrain) +1.19

7. O'CONNOR Ben (AG2R) +1.25

8. FOSS Tobias (INEOS) +1.26

9. BJERG Mikkel (UAE) +1.28

10. AFFINI Edoardo (Visma) +1.30

 

SAILKAPEN NAGUSIA:

1. POGACAR Tadej (UAE) 50:00:09

2. THOMAS Geraint (INEOS) +3:41

3. MARTÍNEZ Daniel Felipe (BORA) +3:56

4. O'CONNOR Ben (AG2R) +4:35

5. TIBERI Antonio (Bahrain) +5:17

6. ARENSMAN Thymen (INEOS) +6:30

7. ZANA Filippo (Jayco AlUla) +7:26

8. BARDET Romain (dsm-firmenich) +7:52

9. FORTUNATO Lorenzo (Astana) +8:40

10. BAUDIN Alex (AG2R) +8:56