Italiako Giroa
7. etapa
Tadej Pogacarrek Filippo Ganna gainditu du erlojupekoan, eta Italiako Giroan duen aurreneko postua sendotu
EITB MEDIA
UAE taldeko esloveniarrak Perugiako erlojupekoa irabazi du; 40,6 kilometroko ibilbidean, Pogacarrek 17 segundoko aldea lortu du Gannarekiko, nahiz eta, jardunaldiko azken tartea gelditzen zela, Gannak 47 segundoko aldea zuen. Daniel Felipe Martinez sailkapen nagusiko bigarren postuan jarri da.
Tadej Pogacar UAE Emirates taldeko txirrindulari esloveniarrak irabazi du, ostiralean, 2024ko Italiako Giroaren zazpigarren etapa, Folignon hasi eta Perugian amaitu den 40,6 kilometroko banakako erlojupekoa, eta, horrenbestez, lasterketaren 107. ekitaldian duen aurreneko postua sendotu egin du. Pogacarrek 17 segundoko aldea atera dio INEOS taldeko Filippo Ganna ziklista italiarrari, nahiz eta Gannak lehenengo mugarrian 44 segundoko aldea eta bigarrenean 47 segundokoa atera dion Pogacarri. Esloveniarra bikain aritu da jardunaldiko amaierako zatian, eta garaipen bikaina erdietsi du. Daniel Felipe Martinez (BORA-hansgrohe) bigarren postuan jarri da sailkapen nagusian, Geraint Thomasi aurrea hartuta.
Etapa irabazi duen eta maglia arrosaren jabea den ziklista ezin hobeto aritu da etapari amaiera eman dion sei kilometroko 4. mailako mendatean. Erlojupekoaren lehenengo zatian, Pogacarrek hamargarren denborarik onena egin du, eta igoera hasi aurretik etapako hirugarren postuan zegoen, behin-behinean, baina garaipen ederra eskuratu du azkenean. Ganna espezialista da, bi aldiz irabazi baitu erlojuaren kontrako munduko txapelketa, baina Pogacarrek azken tarte horretan kendu dio lehen postua.
Bestalde, Daniel Felipe Martinez kolonbiarra ere oso ondo aritu da, eta bigarren jarri da, Geraint Thomasen aurretik. INEOSekoak bi minutu galdu ditu Pogacarren aurrean, eta dagoeneko larunbateko etapa du jomugan; Giroa irabazteko hautagai nagusiari denbora murrizten hastea izango du helburu galestarrak.
Larunbatean, etapa menditsua eta garrantzitsua izango da, zortzigarrena, eta Prati di Tivo eski estazioan bukatuko da, 1. mailako igoera batean. Etapa giltzarria izan liteke.
ETAPAKO SAILKAPENA
1 - POGACAR Tadej (UAE) 51:44
2 - GANNA Filippo (INEOS) + 0:17
3 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) + 0:49
4 - ARENSMAN Thymen (INEOS) + 1:00
5 - SCHACHMANN Maximilian (BORA) + 1:05
6 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 1:21
7 - PLAPP Luke (Jayco) + 1:45
8 - MARTINEZ Daniel Felipe (BORA) + 1:49
9 - BJERG Mikkel (UAE) + 1:56
10 - THOMAS Geraint (INEOS) + 2:00
SAILKAPEN NAGUSIA
1 - POGACAR Tadej (UAE) 24:12:36
2 - MARTINEZ Daniel Felipe (BORA) + 2:36
3 - THOMAS Geraint (INEOS) + 2:46
4 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 3:33
5 - PLAPP Luke (Jayco) + 3:42
6 - LUTSENKO Alexey (Astana) + 3:49
7 - UIJTDEBROEKS Cian (Visma) + 3:50
8 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 4:11
9 - ZANA Filippo (Jayco) + 4:41
10 - FORTUNATO Lorenzo (Astana) + 4:44