Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

107. ekitaldia

2024ko Italiako Giroa maiatzaren 4an hasiko da, Piemonten

EITB MEDIA

Historian laugarren aldiz hasiko da lasterketa eskualde horretan. 107. Italiako Giroak, aurreneko etapan, 1949an Torino futbol taldeak Supergan izandako istripua ekarriko du gogora, ezbeharraren 75. urteurrenean.

  • 2023ko Italiako Giroa, Erroman. Argazkia: EFE.

    2023ko Italiako Giroa, Erroman. Argazkia: EFE.

2024ko Italiako Giroa urte horretako maiatzaren 4an hasiko da (larunbata da), Piemonte eskualdean, astelehenean RCS Sport lasterketa antolatzen duen enpresak iragarri duenez. Hain zuzen, historian laugarren aldiz hasiko da Italiako Giroa eskualde horretan; 107. Italiako Giroak, gainera, aurreneko etapan, 1949an Torino futbol taldeak Supergan izandako istripua ekarriko du gogora, ezbeharraren 75. urteurrenean.

Italiako Giroaren antolatzaileek hurrengo urteko ekitaldiaren lehen lau etapetako xehetasun batzuk eman ditu; ostiralean, hau da, urriaren 13an, ibilaldi osoa zehaztuko dute. Hala, lehenengo etapa, 2024ko maiatzaren 4an, Venaria Realen hasiko da, eta Turinen amaitu; txirrindulariek 136 kilometro egin beharko dituzte, eta igoera batzuk izango dira tartean. Ziklistak Supergan ere ibiliko dira; izan ere, 1949ko maiatzaren 4an Grande Torino goitizena zuen futbol talde mitikoak aire istripua izan zuen, eta taldeko kide guztiak zendu ziren. Giroak, ezbeharraren 75. urteurrenean, omenduko du talde hori, eta oroitzapenezko elastikoa ere izango da.

Maiatzaren 5ean, igandez, aurreneko aldiz amaituko da etapa mendatean, bigarren jardunaldian; egunak 150 kilometro izango ditu, San Francesco al Campon hasita eta Santuario di Oropan bukatuta. Hirugarren etapa, Novara-Fossano, 165 kilometrokoa bera, lauagoa da, esprinterrentzako egokia.

Piemonte eskualdeko azken etapan, maiatzaren 7an (asteartea da), parte-hartzaileek 187 kilometro egin beharko dituzte; eguna Acqui Termen hasiko da, eta oraindik ez dute zehaztu noiz izango den laugarren etaparen amaiera.