Italiako Giroa
20. etapa
Primoz Roglicek irabazi du Monte Lussarin, Geraint Thomasi maglia arrosa kendu dio eta Giroa poltsikoan du
EITB MEDIA
Jumboko txirrindulari esloveniarrak UAEko galestarrak baino 40 segundo gutxiago baliatu ditu kronoigoera egiteko, eta, hortaz, 14 segundoren aldea du sailkapen nagusian. 2023ko Italiako Giroaren irabazlea izango da; izan ere, lasterketari azken etapa soilik geratzen zaio, Erroman.
-
Primoz Roglic, erlojupekoaren azken metroetan. Argazkia: EFE.
Jumbo-Visma taldeko Primoz Roglic txirrindulari esloveniarrak 2023ko Italiako Giroaren hogeigarren etapa irabazi du larunbatean, Monte Lussarin jokatutako kronoigoera erabakigarria zehazki, eta UAEko Geraint Thomas aurreratu egin du sailkapen nagusian; hain zuzen ere, maglia arrosa kendu egin dio Thomasi, lasterketari egun bakarra geratzen zaiola. Roglicek Thomasek baino 40 segundo gutxiago baliatu ditu kronoigoera egiteko, eta, hortaz, 14 segundoren aldea du orain sailkapen nagusian; poltsikoan du Giroa, probari azken etapa soilik geratzen baitzaio, Erroman.
Giroaren azken-aurreko egunean, ziklistek erlojupeko oso gogorra izan dute aurretik; ibilbideak bi zati zituen: bata, lehenengoa, laua; besteak, bigarrenak, ordea, maila oso handiko igoera bat zuen. Amaierara arte ez da argi izan nork eskuratuko zuen garaipena. Helmugaratu diren azken txirrindulariek, alegia, sailkapen nagusiko lehenek, behin-behineko denborarik onena hobetu dute, iritsi ahala. Ematen zuen Roglicek etapa irabazi ahal zuela, kontuan izanik zein denbora markatu dituen bitarteko puntuetan, eta, gainera, azken txanpan Thomas baino ia 20 segundo hobeto zihoan (horrek 26 segundoko aldea zuen); une horretan, bi kilometro eta erdi aurretik zituela, baina, aldapan gora zihoala, katea atera zaio, eta pentsatzeko modukoa zen aukerarik gabe geratuko zela. Esloveniarrak, aldiz, ez du etsi, ikaragarri ibili da azken kilometroetan, eta 40 segundo atera dizkio Thomasi; galestarrari luze egin zaio etaparen amaiera.
Etapa hasi aurretik, Giroa estu-estu zegoen; izan ere, Thomasek 26 segundo baino ez zituen Roglicekiko, eta 59 UAE taldeko Joao Almeida portugaldarrarekiko. Nolanahi ere, esan daiteke egunaren emaitza ustekabea izan dela. Thomasek bikain defendatu du bere lehen postua, ia etapa osoan. Jumboko esloveniarra oso azkar ibili da, laua zen zatian eta maldan gora ere, eta hasieratik erdietsi ditu hiruzpalau segundoko alde txikiak UAEko bere aurkariarekiko; azken horri, baina, sendo ikusten zitzaion, konfiantzaz zegoela ematen zuen, eta ondo ari zitzaion maglia arrosari eusten. Roglicek azken hiru kilometroetan izandako ezbeharrak amorrua eta samina eraman ditu Jumbo-Visma taldeko kideak eta teknikariak zeuden tokira, baina, azkenean, ondorio bakarra izan du: garaipena are hunkigarriagoa izan dela.
Giro bikaina izan da etapan; milaka zale izan dira errepideetan, horietako asko esloveniarrak. Denetarik izan da Giroaren hiru asteetan, bai eta azken egunetan ere, Dolomitetako etapetan. Zaleek gozatzeko aukera izan dute, azken emaitza estu-estua izan baita. Roglicek ez zuen etapa garaipenik aurtengo Giroan; egun batzuetan ondo aritu da, eta beste batzuetan, aldiz, ematen zuen ahulago zebilela, espero baino ahulago. Hala ere, biziki indartsu iritsi da une erabakigarrira; ondorioz, azken etapan pentsaezina den ezustekorik ez bada, laugarren aldiz gailenduko da lasterketa handi batean, Espainiako Vueltan 2019an, 2020an eta 2021ean hori bera lortu eta gero.
Thomasek bigarren egin du kronoigoeran, eta 2023ko Giroak ia azken pankartapean ihes egin dio, baina erakutsi egin du, 37 urterekin, beste behin, maila handiko txirrindularia dela. Almeidak amaituko du hirugarren; portugaldarrak 24 urte besterik ez ditu, eta berriro ere erakutsi du etorkizun handiko txirrindularia dela, lasterketa handietarako. Biak ala biak izango dira Erromako podiumean Roglicekin aldamenean; esloveniarra egunik garrantzitsuenean jantziko da arrosaz.
Igandean, maiatzaren 28an, 21. etapa jokatuko dute, azkena. Erromatik abiatuko da, eta Erroman amaitu. 135 kilometroko ibilbide laua izango du, eta aurreikuspena da esprinta izatea; oraingoz, sei esprint izan dira, eta sei irabazle desberdin; hortaz, berdinketa hori desegin liteke. Halaber, Giroaren irabazleak, alegia, Primoz Roglicek, zaleen omenaldia jasoko du.
20. ETAPA
Etapako sailkapena
1 - ROGLIC Primož (Jumbo) 0:44:23
2 - THOMAS Geraint (INEOS) +0:40
3 - ALMEIDA João (UAE) +0:42
4 - CARUSO Damiano (Bahrain) +0:55
5 - PINOT Thibaut (Groupama) +0:59
6 - KUSS Sepp (Jumbo) +1:05
7 - MCNULTY Brandon (UAE) +1:07
8 - ARENSMAN Thymen (INEOS) +1:18
9 - LEKNESSUND Andreas (DSM) +1:49
10 - VINE Jay (UAE) +1:53
Sailkapen nagusia
1 - ROGLIC Primož (Jumbo) 82:40:36
2 - THOMAS Geraint (INEOS) +0:14
3- ALMEIDA João (UAE) +1:15
4 - CARUSO Damiano (Bahrain) +4:40
5 - PINOT Thibaut (Groupama) +5:43
6 - ARENSMAN Thymen (INEOS) +6:05
7 - DUNBAR Eddie (Jayco) +7:30
8 - LEKNESSUND Andreas (DSM) +7:31
9 - KÄMNA Lennard (BORA) +7:46
10 - DE PLUS Laurens (INEOS) +9:08