Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

19. etapa

Buitrago nagusitu da Giroko 19. etapan, eta Roglicek hiru segundo jan dizkio Thomas liderrari

A. B. E. | EITB Media

Santiago Buitragok irabazi du Tre Cime Di Lavaredo mendatean bukatutako etapa. Derek Gee izan da bigarren eta Cort Nielsen hirugarren. Primoz Roglic helmugaratu da laugarren eta Geraint Thomas liderra bosgarren, esloveniarrarekiko hiru segundora.

  • Santiago Buitrago

    Santiago Buitrago, 19. etapako irabazlea, helmugaratzen. Argazkia: EFE

Santiago Buitragok (Bahrain Victorious) bereganatu du garaipena Italiako Giroko 19. etapan, ostiral honetan, maiatzaren 26an. Geraint Thomasek (Ineos Grenadiers) jarraitzen du maglia arrosarekin, baina Primoz Roglic (Jumbo Visma) sailkapen nagusiko bigarrenak hiru segundo jan dizkio liderrari.

Longarone eta Tre Cime Di Lavaredo arteko etapak 183 kilometroko ibilbidea izan du. Gainera, txirrindulariek bost mendate gainditu behar izan dituzte: bat maila berezikoa, bi lehen mailakoak eta beste bi bigarren mailakoak.

Ihesaldi saiakerak hasieratik eman dira, baina taldea 63 kilometro gainditu ostean sortu da 15 txirrindulari hauexekin: Alex Baudin, Nicolas Prodhomme, Larry Warbasse (AG2R Citroën), Vadim Pronskiy (Astana Qazaqstan), Patrick Konrad (Bora Hansgrohe), Davide Gabburo (Green Project-Bardiani CSF-Faizanè), Derek Gee (Israel Premier Tech), Veljko Stojnic (Corratec-Selle Italia), Magnus Cort Nielsen (EF Education EasyPost), Santiago Buitrago (Bahrain Victorious), Michael Hepburn (Jayco AlUla) eta Stefano Oldani (Alpecin-Deceuninck). Geroago batu zaizkie Mattia Bais (Eolo-Kometa), Carlos Verona eta Jose Joaquin Rojas (Movistar).

Etapako lehen mendatean, 2. mailako Campolongon, Ben Healyk (EF Education EasyPost) jo du erasoa tropelean eta aurrera egin du Thibaut Pinotekin (Alpecin-Deceuninck) batera, baina tropelak azkar harrapatu ditu.

Valparola lehen mailako mendateko igoeran, aldiz, Stojnicek ezin izan du lasterketa buruko taldean jarraitu; geroago, Verona ere atzean geratu da. Bestalde, tropelak lasai hartu du etapako bigarren mendatea.

Eguneko bigarren mendatea jaitsi ostean, Giau lehen mailako igoeran Buitrago, Gee, Verona, Cort Nielsen eta Hepburn egin dute aurrera ihesaldiko taldetik, erasoa jota. Jaistean Prodhomme. Pronskiy, Oldani, Konrad, Gabburo, Hepburn eta Warbasse txirrindulariek egin dute bat boskotearekin. Tropelean, aldiz, faborito guztiak batera joan dira.

Azken txanpan, bi mendate izan dituzte aurretik txirrindulariek: Tre Croci 2. mailakoa eta Tre Cime di Lavaredo maila berezikoa. Tre Crocin ihes egindako hamaikakotik jauzi egin du Warbassek, baina harrapatu eta atzean utzi dute Cort Nielsenek, Geek, Buitragok. Eta Hepburnek. Gauzak horrela, laukotea geratu da lasterketa buruan.

Ihesaldiko laurek tropelarekiko bost minutuko abantailarekin ekin dio azken igoerari. Tropelak erritmoa bizitu du Ineos Grenadiers taldeko txirrindulariak buruan jarrita. Hala, iheslariekiko desabantaila murrizten hasi dira.

Helmugarako zortzi kilometro falta zirenean txikitu da ihesaldiko taldea. Gee geratu da lasterketa buruan, Buitrago eta Hepburn atzetik izan dituela, bat egiteko asmoarekin. Hepburn etapa irabazteko lehiatik at geratu da; Buitragok, ordea, bat egin du Geerekin helmugara iristeko kilometro t'erdi falta zenean. Gainera, Santiago Buitragok gainditu egin du Derek Gee, eta aurrera joan da bakar-bakarrik. Garaipenak ez dio ihes egin kolonbiarrari. Bigarren helmugaratu da Gee 51 segundora.

Faboritoen arteko lehian Joao Almeidak bizitu du erritmoa lehenengo, baina, jarraian, Primoz Roglicek jo du erasoa. Esloveniarrari Geraint Thomasek jarraitu dio, eta, geroago, Almeida ere batu zaie. Sailkapeneko lehenengo hiruren arteko lehian. Ondoren, Thomas liderrak jo du, eta Roglicek erantzun dio. Momentu batez, Thomasek gurpiletik atera du esloveniarra, baina Roglicek erritmoa bizitu du azken metroetan eta hiru segundo atera dizkio Thomasi. Laugarren izan da Roglic helmugan, segundo bat lehenago Cort Nielsenek gainditu baitu marra. Thomasentzat izan da bosgarren postua, eta, Almeida Roglicekiko 23 segundora eta liderrarekiko 20ra sartu da.

Ondorioz, Geraint Thomasek ekingo dio sailkapen nagusiko lehen postuan 20. etapako erlojupekoari Roglic bigarrenarekiko 26 segundoko abantailarekin. Alemida dago hirugarren postuan liderrarekiko 59ra. Portugaldarrak 3 minutu eta 11 segundo ateratzen dizkio Damiano Caruso (Bahrain Victorious) laugarrenari.

19. etapako sailkapena

1 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) 5:28:07

2 - GEE Derek (Israel) +0:51

3 - CORT Magnus (EF) +1:46

4 - ROGLIC Primož (Jumbo) d. b.

5 - THOMAS Geraint (INEOS) +1:49

6 - ALMEIDA João (UAE) +2:09

7 - CARUSO Damiano (Bahrain) d. b.

8 - ARENSMAN Thymen (INEOS) d. b.

9 - PINOT Thibaut (Groupama) +2:16

10 - RUBIO Einer Augusto (Movistar) +2:26

Sailkapen nagusia

1 - THOMAS Geraint (INEOS) 81:55:47

2 - ROGLIC Primož (Jumbo) +0:26

3 - ALMEIDA João (UAE) +0:59

4 - CARUSO Damiano (Bahrain) +4:11

5 - DUNBAR Eddie (Jayco) +4:53

6 - PINOT Thibaut (Groupama) +5:10

7 - ARENSMAN Thymen (INEOS) +5:13

8 - KÄMNA Lennard (BORA) +5:54

9 - LEKNESSUND Andreas (DSM) +6:08

10 - DE PLUS Laurens (INEOS) +7:30