Italiako Giroa
17. etapa
Alberto Dainesek Milan eta Matthews menderatu ditu, Caorlen, esprint oso estu batean
EITB MEDIA
Geraint Thomasek ez du arazorik izan lidergoari eusteko. 17. etapa trantsizioko eguna izan da, lasterketa erabakita utziko duten hiru egunen aurretik. Aurtengo Giroan sei esprint izan dira, eta Dainese izan da garaipena lortu duen seigarren esprinterra.
DSM taldeko Alberto Dainese txirrindulari italiarrak irabazi du asteazkenean 2023ko Italiako Giroaren hamazazpigarren etapa, Caorlen izandako esprintean. Dainesek Bahrain-Victorius taldeko Jonathan Milan italiarra eta Michael Matthews Jayco taldeko australiarra garaitu ditu esprintean etapa eskuratzeko; oso gutxigatik lortu du, ordea, esprint estu-estua izan baita. Aurtengo Giroan, oraingoz, sei esprint eta sei irabazle izan dira, Dainese barne. Geraint Thomas Ineos taldeko galestarrak, berriz, sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du, arazo handirik gabe. Hurrengo hiru etapak menditsuak izango dira, erabakigarriak, eta 17. etapa trantsiziozkoa izan da.
Esprinta amaituta, ez zegoen argi nor zen irabazlea. Michael Matthewsek jo du aurrera aurkariek baino lehenago, etapako azken metroetan, eta Jonathan Milan saiatu da jarraian; beste behin, baina, apur bat berandu hasi da lehian italiarra. Dainese gaztea igo da podiumera. 2022ko Giroan ere egin zuen, eta, 25 urte dituela, esprintetan kontuan izateko moduko gizona dela ematen du. Bikain irabazi du, maila handia izan duen amaieran.
Etapak aurreikusitako gidoiari jarraitu dio. Laster sortu da eguneko ihesaldia, hauek osatuta: Senne Leysen (Alpecin-Deceuninck), Thomas Champion (Cofidis), Diego Pablo Sevilla (Eolo-Kometa) eta Charlie Quarterman (Corratec-Selle Italia). Ez dute alde handirik lortu, eta tropelak une oro izan ditu kontrolpean iheslariak, hiru minututik behera beti. Champion, Sevilla eta Quarterman azken 20 kilometroetan harrapatu ditu tropelak, eta Leysen, helmugarako bost kilometroren faltan. Belgikarrak indarra zuen, eta ez du amore eman nahi izan.
Horrenbestez, egunak sailkapen nagusiko lehen postuetan aldaketarik ez zuela ekarriko baieztatu ondoren, azken esprintak bereganatu du guztien interesa. Gizon azkarren taldeek lan handia egin dute esprinta prestatzeko; Astana eta Movistar, adibidez, Mark Cavendish eta Fernando Gaviria lehian sartzeko lanean aritu dira, baina helmugan 19. eta 6. postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren. Dainese izan da azkarrena, eta ospe handiko garaipena eman dio DSM taldeari.
Alberto Dainese, etapa irabazita. Argazkia: EFE.
Ostegunean, 18. etapa jokatuko dute, Oderzon hasi eta Val di Zoldon amaituko dena. Aurreikuspenen arabera, 161 kilometroko etapa egun garrantzitsua izan liteke; izan ere, ziklistek bost mendate gainditu beharko dituzte, 1. mailako bi eta 2. mailako beste bi, eta jardunaldia azken bi horietako batean amaituko da. Pentsatzeko modukoa da borroka handia izatea, kontuan izanik, batetik, sailkapen nagusiko lehen sailkatuen artean alde txikiak daudela, eta, bestetik, ostiraleko etapa ere oso gogorra izango dela.
17. ETAPA
Etapako sailkapena
1 - DAINESE Alberto (DSM) 4:26:08
2 - MILAN Jonathan (Bahrain) d. b.
3 - MATTHEWS Michael (Jayco) d. b.
4 - BONIFAZIO Niccolo (Intermarche) d. b.
5 - CONSONNI Simone (Cofidis) d. b.
6 - GAVIRIA Fernando (Movistar) d. b.
7 - PASQUALON Andrea (Bahrain) d. b.
8 - KIRSCH Alex (Trek) d. b.
9 - OLDANI Stefano (Alpecin) d. b.
10 - ACKERMANN Pascal (UAE) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - THOMAS Geraint INEOS Grenadiers 67:32:35
2 - ALMEIDA João UAE Team Emirates +0:18
3 - ROGLIC Primož Jumbo-Visma +0:29
4 - CARUSO Damiano Bahrain - Victorious +2:50
5 - DUNBAR Eddie Team Jayco AlUla +3:03
6 - KÄMNA Lennard BORA - hansgrohe +3:20
7 - ARMIRAIL Bruno Groupama - FDJ +3:22
8 - LEKNESSUND Andreas Team DSM +3:30
9 - ARENSMAN Thymen INEOS Grenadiers +4:09
10 - DE PLUS Laurens INEOS Grenadiers +4:32