Italiako Giroa
Osasun-egoera
Oscar Rodriguezek giltzurrunetako kontusioa du, Giroko 11. etapako erorikoaren eraginez
EITB Media
Movistar taldeko txirrindulari nafarra erori egin da Italiako Giroko 11. etapa bukatzeko 64 kilometro falta zirenean, eta lasterketa utzi du. Ospitaleratu egin dute erorikoaren ostean. Taldeak jakinarazi du Rodriguezen egoera orokora ona dela.
Oscar Rodriguezek giltzurrunetako kontusioa du Italiako Giroko 11. etapako erorikoaren eraginez, Movistar taldeak asteazken honetan, maiatzaren 17an, jakinarazi duenez. Nafarroako txirrindularia lurrera joan da helmugarako 64 kilometro falta zirenean, eta lasterketa utzi behar izan du.
Colla di Boasiko jaitsieran erori da Rodriguez: lurrera joan da lehenengo, bide-seinale bat jo du gero, eta, azkenik, etxe baten hormarekin talka egin du. Burlatakoa lurrean geratu da, eta ospitalera eraman dute.
Lehen diagnostikoa Tortonako ospitalean jaso du, eta, gero, Novi Ligurekora eraman dute. Movistarrek gaineratu du Rodriguezen egoera orokorra ona dela.
Bestalde, helmugarako bi kilometro falta zirenean, Fernando Gaviria erori da. Horren taldearen arabera, kolonbiarrak ez du hausturarik, baina hainbat zauri ditu jasotako kolpeen ondorioz.