Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

5. etapa

Groves nagusitu da euria eta erorikoak protagonista izan dituen 5. etapan eta Leknessundek lider jarraitzen du

EITB Media

Kaden Grovesek bereganatu du garaipena Italiako Giroko 5. etapan, esprintean Milan eta Pedersen mendean hartuta. Hainbat eroriko eman dira, eta Evenepoel, Roglic, Gaviria eta Cavendish lurrera joan dira, besteak beste.

  • Kaden Groves

    Kaden Groves, 5. etapako irabazlea: EFE

Kaden Grovesek (Alpecin Deceuninck) irabazi du Italiako Giroko 5. etapa asteazken honetan, maiatzaren 10ean, eta Andreas Leknessundek (DSM) lidertzari eutsi dio.

Erorikoak eta euria izan dira protagonista Atripalda eta Salerno arteko 171 kiloetroko ibilbidean. Hala, Remco Evenepoel (Soudal - Quick Step) birritan joan da lurrera, eta, erori egin dira ere Primoz Roglic (Jumbo Visma), Fernando Gaviria (Movistar) eta Mark Cavendish (Astana Qazaqstan), besteak beste.

Erorikoen eraginez txikitu egin da tropel nagusia eta taldetxo baten iritsitako txirrindularien arteko esprintean erabaki da garailea. Azken metroetan Groves izan da onena, Jonathan Milan (Bahrain Victorious) eta Mads Pedersen (Trek - Segafredo) mendean hartuta.

Bestalde, Gandin (Corratec), Champion (Arkea) eta Zoccarato (Bardiani) izan dira eguneko ihesaldiko protagonistak. Hainbat kilometro eman dituzte lasterketa buruan, baina helmugarako 20 kilometro falta zirenean Zoccaratok jo du erasoa, eta bakarrik geratu da buruan. Geroago, Gandin eta Champion harrapatu ditu tropelak, eta gehiago kosta zaio Zoccaratorekin bat egitea. Hala ere, italiarra tropelak irentsi du helmugarako 7,5 kilometro falta zirenean.

Ondoren, tropela bat eginda joan da, baina erorikoak bata bestearen ostean etorri dira. Amaierarako 7 kilometro falta zirenean lurrera joan dira Gaviria eta Roglic. Jumbo Vismak lan bikaina egin du Roglic taldeburua berriz tropelean sartzeko, eta esloveniarrak ez du denborarik galdu. Fernando Gaviria ere erori egin da, eta garaipena eskuratzeko aukerarik gabe geratu da.

Tropela berriz bat eginda joan da. Bazirudien ez zela ezer gehiago gertatuko esprinta abiatu arte, baina ez da hala izan: helmugarako 2,8 kilometro falta zirenean Evenepoel lurrera joan da. Belgikarra lurrera joan da. Dena den, altxatu, bizikleta gainean jarri eta etapa amaitu ahal izan du. Gainera, erorikoa azken hiru kilometroetan eman denez, Evenepoelek ez du denborarik galdu. Esprintean ere, erorikoa eman da. Mark Cavendishek (Astana Qazaqstan) arrastaka gurutzatu du helmugako marra.

Bosgarren etapa amaituta Leknessund dago sailkapen nagusiko lehen postuan. Evenepoel da bigarren 28 segundora eta Aurelien Paret Peintre (Ag2r) hiugarren liderrarekiko 30 segundora. Roglic bosgarren da, 1'12"ra.

Evenepoel, bi bider lurrera

Giroko bosgarren etapa ez da ona izan Remco Evenepoelentzat, belgikarra birritan erori baita. Hogeigarren kilometroan joan da lurrera lehenengoz: aske zebilen txakur bat errepidera atera da, eta Davide Balleriniren erorikoa eragin du. Ondoren, tropelaren beste alde batean, Belgikako txapelduna erori da.

Evenepoelen bigarren erorikoa, aldiz, helmugarako 2,8 kilometro falta zirenean gertatu da. Belgikarra lurretik altxatzeko gai izan da, eta etapa amaitzea lortu du aurkariekiko denborarik galdu barik.

6. etapa, maiatzaren 11n

Ostegun honetan jokatuko da 6. etapa. Napolin hasi eta amaituko da, eta 162 kilometroko ibilbidea izango du. Valico Di Chiunzi 2. mailako mendatea eta Picco Sant'Angelo 3. mailakoa topatuko dituzte txirrindulariek ibilbidean. Azken 30 kilometroak lauak izango dira.

SAILKAPENAK:

Etapako sailkapena

1 - GROVES Kaden (Alpecin) 4:30:19

2 - MILAN Jonathan (Bahrain) d.b.

3 - PEDERSEN Mads (Trek) d.b.

4 - CAVENDISH Mark (Astana) d.b.

5 - DALLA VALLE Nicolas (Corratec) d.b.

6 - MAESTRI Mirco (EOLO) d.b.

7 - FIORELLI Filippo (Green Project) d.b.

8 - VENDRAME Andrea (AG2R)d.b.

9 - MATTHEWS Michael (Jayco) d.b.

10 - BONIFAZIO Niccolo (Intermarche) d.b.

Sailkapen nagusia

1 - LEKNESSUND Andreas (DSM) 19:06:03

2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:28

3 - PARET-PEINTRE Aurélien (AG2R) +0:30

4 - ALMEIDA João (UAE) +1:00

5 - ROGLIC Primož (Jumbo) +1:12

6 - THOMAS Geraint (INEOS) +1:26

7- VLASOV Aleksandr (BORA) d.b.

8 - SKUJINŠ Toms (Trek) +1:29

9 - GEOGHEGAN HART Tao (INEOS) +1:30

10 - ALBANESE Vincenzo (EOLO) +1:39