Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

17. etapa

Buitragok irabazi du etapa eta Mikel Landak sailkapen nagusiko hirugarren postura egin du jauzi

EITB Media

Santiago Buitragok lortu du garaipena Italiako Giroko 17. etapan. Leemreize izan da bigarren, eta Jan Hirt hirugarren. Mikel Landa sailkapen nagusiko hirugarren postuan da, Carapaz eta Hindley baino 6 segundo beranduago helmugaratuta.

  • Santiago Buitrago

    Santiago Buitrago, Giroko 17. etapako irabazlea. Argazkia: EFE

Santiago Buitragok (Bahrain Victorious) irabazi du Italiako Giroko 17. etapa, asteazken honetan Ponte Di Legno eta Lavarone artean egin dena, 168 kilometroko ibilbidearekin. Richard Carapazek (Ineos Grenadiers) lidergoari eutsi dio, eta Mikel Landak (Bahrain Victorious) hirugarren postura egin du jauzi.

Buitrago lasterketa buruan iritsi da azken kilometrora eta garaipenarekin biribildu du etapa. Gijs Leemreize (Jumbo-Visma) izan da bigarren 35 segundora, eta Jan Hirt (Intermarche) hirugarren. Hirtekin batera helmugaratu da laugarren izan den Hugh Carthy (EF Education), 2'28"ra.

Egunko lehen ihesaldia osatu dute Carthy, Arensman, Covi eta Gall txirrindulariek. Ondoren, taldea 25ekoa izatera pasa da, besteak beste, Van der Poel, Guillaume Martin, Buitrago, Arensman, Ciccone, Covi, Pedrero eta Hirt sartu direlarik. Van der Poelek erasoa jo du helmugarako 66 kilometro falta zirenean eta Passo Vetrioloko igoeran batu dira Guillaume Martin, Gall, Covi, Buitrago, Carthy, Hirt eta Bouwman. Jaitsieran Van der Poelek berriz erasoa jo, eta lasterketaren buruan geratu da Leemreizerekin.

Monterovere aldapetan Van der Poelek ezin izan dio eutsi Leemreizeren erritmoari. Atzean, faboritoen tropelean, Mikel Landak erasoa jo, eta Carapazek eta Hindleyk jarraitu diote. Joao Almeida atzean geratu da. Helmugarako sei kilometro falta zirenean Buitragok Leemreizerekin bat egin eta atean utzi du herbeheretarra. Kolonbiarrak etapa garaipena erdietsi du.

Mikel Landak sei segundo galdu ditu Carapazekiko eta Hindleyrekiko azken metroetan, baina sailkapen nagusiko hirugarren postuan kokatu da Almeidari minutu eta lau segundo aterata. Carapazek jarraitzen du lider eta Hindley da bigarren, hiru segundora. Mikel Landa hirugarren postuan da, liderrarekiko 1'05"era, eta 49 segundo ateratzen dizkio laugarren den Almeidari. Pello Bilbao (Bahrain Victorious) seigarren da, Carapazekiko 6'19"ra.

17. etapako sailkapena:

1 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) 4:27:41

2 - LEEMREIZE Gijs (Jumbo) +0:35

3 - HIRT Jan (Intermarché) +2:28

4 - CARTHY Hugh (EF) d.b.

5 - CARAPAZ Richard (INEOS) +2:53

6 - HINDLEY Jai (BORA) d.b.

7 - VANSEVENANT Mauri (Quick-Step) +2:57

8 - BOUWMAN Koen (Jumbo-Visma) +2:59

9 - MARTIN Guillaume (Cofidis) d.b.

10 - LANDA Mikel (Bahrain) d.b.

-------------------------------------------------

20 - BILBAO Pello (Bahrain) +5:21

Sailkapen nagusia:

1 - CARAPAZ Richard (INEOS) 73:19:40

2 - HINDLEY Jai (BORA) +0:03

3 - LANDA Mikel (Bahrain) +1:05

4 - ALMEIDA João (UAE) +1:54

5 - NIBALI Vincenzo (Astana) +5:48

6 - BILBAO Pello (Bahrain) +6:19

7 - HIRT Jan (Intermarché) +7:12

8 - BUCHMANN Emanuel (BORA) +7:13

9 - LÓPEZ Juan Pedro (Trek) +12:27

10 - POZZOVIVO Domenico (Intermarché) +12:30