Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

9. etapa

Bernal guztien gainetik nabarmendu da 'sterrato' gainean eta lider jarri da

A. A. | EITB MEDIA

Ineos taldeko kolonbiarra faboritoen arteko indartsuena izan da Campo Feliceko aldapetan, eta garaipena lortu du eguneko ihesaldikoak azken kilometroan harrapatu eta gero.

  • Egan Bernal.

    Egan Bernal. Argazkia: EFE

Egan Bernal (INEOS Grenadiers) txirrindulari kolonbiarrak irabazi du igande honetan Italiako Giroko bederatzigarren etapa, Castel di Sangro eta Campo Felice artean lehiatutakoa (158 kilometro). Etapako azken kilometro eta erdia lur gaineko malda gogorretan korritu dituzte, eta amaiera ikusgarri horretan Bernal izan da indartsuena, eta maglia arrosa bereganatzeko gai izan da.

Eguneko ihesaldiko azken bi kideak aurretik zeuden oraindik kolonbiarrak erasoa jo duenean, baina aise harrapatu ditu Geoffrey Bouchard (AG2R Citroën Team) frantziarra eta Koen Bouwman (Jumbo-Visma) herbeheretarra 'sterrato'ko tartean, mendi bizikletako munduko txapeldun gisa izandako esperientzia agerian utziz.

Horrela, Bernalek 12 segundoko gainsaria eskuratu du helmugan, eta une honetan 15 segundoko aldea dauka sailkapen nagusian bigarren tokian dagoen Remco Evenepoel (Deceuninck) belgikarrarekiko. Hirugarren tokian, berriz, Aleksandr Vlasov (Astana-Premier Tech) errusiarra dago, 21 segundoko galerarekin. Aurreko liderra, Attila Valter (Groupama-FDJ), bosgarrena da orain.

Astelehenean hamargarren etaparekin jarraituko dute txirrindularien, L 'Aquila eta Foligno arteko 139 kilometroko etapa, esprintean bukatu daitekeena.

Etapako sailkapena:

1 - BERNAL Egan INEOS Grenadiers 4:08:23
2 - CICCONE Giulio Trek - Segafredo +0:07
3 - VLASOV Aleksandr Astana - Premier Tech + 0:07
4 - EVENEPOEL Remco Deceuninck - Quick Step + 0:10
5 - MARTIN Dan Israel Start-Up Nation + 0:10
6 - CARUSO Damiano Bahrain - Victorious + 0:12
7 - BARDET Romain Team DSM + 0:12
8 - SOLER Marc Movistar Team + 0:12
9 - MARTÍNEZ Daniel Felipe INEOS Grenadiers + 0:12
10 - ALMEIDA João Deceuninck - Quick Step + 0:12