Italiako Giroa
8. ETAPA
Victor Lafayk eskuratu du garaipena eta Valterrek lider jarraitzen du
A. A. | EITB MEDIA
Cofidis taldeko frantziarra eguneko ihesaldia osatu duten bederatzi txirrindularietako bat izan da.
-
Victor Lafay, garaile helmugan. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia
Victor Lafay frantziarrak (Cofidis) irabazi du Italiako Giroko zortzigarren etapa, Sanframondi Guardiako aldapetan ihes egindako taldekideak mendean hartuta. Attila Valter (Groupama FDJ) hungariarrak magila arrosari eutsi dio beste egun batez.
Ia ez da mugimendurik egon sailkapen nagusiko txirrindularien artean, nahiz eta azken kilometroetan erritmoa igo duten, baina hautagai bakar batek ere ez du sufritu talde nagusian sartzeko. Aitzitik, Pello Bilbaok (Bahrein) ezustekoa izan du mila metroetan, bizikleta kateatu baitzaio Matteo Fabrorekin eta atzerago iritsi da helmugara.
Irteera oso azkarra izan da. Lasterketako lehen orduan hegan egin dute, eta kontaezinak izan dira larunbateko etapako orografia kontuan hartuta garaipena lortzeko ihesaldia bilatu duten txirrindulariak. Ihesaldi hori ez da gorakoan eratu, baizik eta jaitsiera azkar batean, Bocca Della Selvarako bidean. Hala, etapako behin betiko ihesaldian 9 txirrindulari egon dira: Alexis Gougeard (AG2R), Giovani Carboni (Bardiani), Victor Lafay (Cofidis), Francesco Gavazzi (Eolo), Kobe Goossens (lts), Nelson Oliveira (Movistar), Nikias Arndt (DSM), Fernando Gaviria (UAD) eta Victor Campenaerts (Qhubeka).
Lafay nagusitu da, indartsuena izan baita Sanframondi Guardiako azken aldapetan. Campenaerts eta Giovanni Carboni (Bardiani) harrapatu ditu, eta bakarrik helmugaratu da Cofidisi lehen garaipena emateko.
Ia bost minutu geroago iritsi da faboritoen taldea, Joao Almeida portugaldarra (Deceuninck) buru zuela, Pello Bilbao bakarrik falta izan da bertan; izan ere, lurrera joan da, inolako ondoriorik izan gabe, Matteo Fabro italiarrarekin (BOra) kateatu ostean. Egan Bernal, Remco Evenepoel (Deceninck), Simon Yates eta konpainiak bakea sinatu dute igandeko etapa garrantzitsuaren aurrean.
Igande honetan izango dute guztiek erronka garrantzitsua, benetako lehena agian, 9. etapan. Castel di Sangro eta Campo Felice (1. mailako igoera) batuko dituen 158 kilometroko ibilbidea bete beharko dituzte txirrindulariek. Aurretik, beste hiru igoera garrantzitsu gainditu beharko dituzte, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako bat.
8. etapako sailkapena:
1 LAFAY Victor (Cofidis) 4:06:47
2 GAVAZZI Francesco (EOLO) 0:36
3 ARNDT Nikias (DSM) 0:37
4 OLIVEIRA Nelson (Movistar) 0:41
5 CARBONI Giovanni (Bardiani) 0:44
6 GOOSSENS Kobe (Lotto) 0:58
7 CAMPENAERTS Victor (Qhubeka) 1:00
8 GOUGEARD Alexis (AG2R) 1:54
9 GAVIRIA Fernando (UAE) 3:04
10 ALMEIDA João (Deceuninck) 4:48
11 VLASOV Aleksandr (Astana) ,,
12 ULISSI Diego (UAE) ,,
13 EVENEPOEL Remco (Deceuninck) ,,
14 MOSCON Gianni (INEOS) ,,
15 CARUSO Damiano (Bahrain) ,,