Italiako Giroa
Osasun-txostena
Mikel Landak ezker lepauztaia eta hainbat saihets ditu hautsita
A. B. E. | EITB Media
Bahrain Victorious taldeko txirrindulariak agur esan dio Italiako Giroari bosgarren etapan erorikoa izan ostean.
-
Mikel Landa, lurrean, erorikoaren ostean. Argazkia: EITB Media
Mikel Landak ezker lepauztaia eta hainbat saihets ditu hautsita, asteazken honetan Bahrain Victorious taldeak jakinarazi duenez. Euskal txirrindulariak agur esan dio Italiako Giroari, bosgarren etapan erorikoa izan ostean.
Landa helmugarako 3,9 kilometro falta zirenean erori da, seinaleztapen kartel baten aurka kolpea hartuta. Murgiakoa lurrera joan da, eta ezin izan du lasterketan jarraitu. Ospitalera eraman dute, eta bertan egin dizkioten probei esker baieztatu dute ezker lepauztaia eta saihets batzuk hautsita dituela.
"Lasterketako azken kilometroetan erorikoa izan du Mikel Landak, eta Riccione Ospitalera eraman dute. Bertan, tratamendua jasotzen ari da dituen lesioak ahalik eta epe laburrenean sendatu ahal izateko. Mikelek ez du konortea galdu, eta umore onez eta bizikletan ahalik eta arinen igotzeko gogotsu dago", adierazi du Bahrain Victorious taldeak.