Italiako Giroa
15. etapa
Geoghegan Hartek irabazi du Piancavallon eta Almeidak arrosari eutsi dio
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pello Bilbao zortzigarren sartu da, eta sailkapeneko bosgarren tokira jaitsi da.
-
Tao Geoghegan Hart, besoak gora, garaipena ospatzen. Argazkia: ETBren bideo batetik hartutako irudia
Geoghegan Hartek Jai Hindley australiarrak (Sunweb) Wilco Kelderman taldekidearen alde egindako lan handia aprobetxatu du eta, azkenean, lau ordu, 58 minutu eta 52 segundoko denborarekin lehen postuan helmugaratu da.
Almeidak, berriz, Giroko lehen zailtasun-une nabarmenak pairatu ditu; alabaina, bere atzerapena horren handia izan ez zedin lortu du. Hartara, azkenerako Keldermanengandik 37 segundora sartu da helmugan, sailkapen nagusiko liderraren maglia arrosari eutsiz. Une honetan, 15 segundokoa da bien arteko tartea.
Bi horien atzetik Hindley kokatu da podiumeko behin-behineko hirugarren tokian, 2:56ko atzerapenarekin. Geogheghan Hartek ere jauzi handia eman du sailkapenean, eta laugarren postura igo da, 2:57ra.
Gainerako izen handiek atzerapen gehiago pilatu dute. Hala nola, Pello Bilbao bosgarren da, 3:10era; Majka seigarren, 3:18ra eta Nibali zazpigarren, 3:29ra.