Italiako Giroa
3. etapa
Caicedoren garaipena Etnako sumendian; Pello Bilbao hirugarren jarri da
eitb.eus
Joao Almeida da sailkapeneko liderra orain, eta Pello Bilbao portugaldarrarengandik 37 segundora dago.
Jonathan Caicedo (EF) ekuadortarrak erdietsi du garaipena Etnako sumendian amaitu den Italiako Giroko hirugarren etapan. Education First taldeko txirrindulariak amaiera ezin hobea eman dio eguneko ihesaldiari.
Caicedok Giovanni Visconti (Vini Zabù) atzean utzi du azken kilometroetan, eta bakarrik helmugaratu da. Jonathan Castroviejo (Ineos Grenadiers) faboritoekin sartu da helmugan, eta Pello Bilbaok (Bahrain) ere etapa ona egin eta hirugarren jarri da sailkapen nagusian.
Simon Yatesek (Mitchelton-Scott) eta Geraint Thomasek (Ineos) -irteera neutralizatuan erori egin da Ineosekoa-, denbora asko galdu dute gaurkoan eta agur esan diote Giroa irabazteko aukerei.
Astearte honetan laugarren etapa jokatuko da. Catania eta Villafranco Tirrena artean (140 kilometro). Jardunaldian zehar mendate bakarrari egin beharko diote aurre txirrindulariek: Portella Mandrazzira. Igoera gogorra den arren (12,4 kilometro eta 5,2ko batez besteko maldak) ibilbidearen erdialdean dago kokatuta.
Etxeondoren lehiaketa
Parte hartu egunero Ez da Giro! saioak martxan jartzen duen lehiaketan, eta asmatu zein den hiru pisten atzean ezkutatuta dagoen txirrindularia. Erantzun zuzen guztiak Etxeondo etxeko maillot eta kulot baten zozketan sartuko dira.