Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

13. ETAPA

Nieve bigarren izan da Zakarinek irabazitako etapan; Landak tartea murriztu du berriz

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mikel Nieve leitzarra eguneko ihesaldian izan da, baina azken bi kilometroetan Zakarin errusiarra gehiago izan da. Landak, bere aldetik, eraso egin du berriro eta aldea atera die faboritoei.

47:06
Ilnur Zakarin

Mikel Landa (Movistar Team) arabarrak Italiako Giroa irabazteko aukerak biziberritu ditu hamahirugarren etapan egin duen eraso ausartari esker. Txirrindulariek Pinerolo eta Ceresole Reale arteko ibilbidea bete dute (196 kilometro), aurtengo itzulian mendate batean amaitu den lehen etapan, eta bertan Ilnur Zakarin (Katusha-Alpecin) errusiarra izan da nagusi.

Landak dagoeneko abisua eman zuen osteguneko etapan, 30 segundo murriztu baitzien gainerako aurkariei, eta, bigarren egunez jarraian, haien aurretik helmugaratzea lortu du. Gaurkoan, gainera, altxor handiagoarekin.

Giroak mendiko lehen etapa handia izan du jokoan ostiral honetan, Serru lakuan amaitu baita. Mendateak % 5,9ko batez besteko maldak zituen; alabaina, tarteka % 14ko aldapei egin behar izan diete aurre txirrindulariek.

Movistarrekoak ez du asko itxaron eta urrunetik, amaierara iristeko 15 kilometro falta zirela, jo du aurrera. Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) eta Vicenzo Nibalik (Bahrain Merida) ez diote erasoari erantzun; Simon Yatesek (Mitchelton-Scott) bere eguna ez zela erakutsi du, eta berehala geratu da atzean; eta Miguel Angel Lopez (Astana) kolonbiarra ere ezinean ibili da, baina hura arazo mekaniko bat dela medio.

Landak ez du atzera begiratu. Aurretik zituen bi taldekiderekin (Carretero eta Amador) egin du bat eta berehala zabaldu du tartea, Roglic eta Nibali elkarri begira zeudela aprobetxatuta.

Etaparen buru, berriz, eguneko ihesaldian sartu diren hiru gizon zeuden guztiei aitzin hartuta garaipenaren lehian: Zakarin errusiarra, Mikel Nieve (Mitchelton-Scott) nafarra eta Bauke Mollema (Trek-Segafredo) herbeheretarra.

Nieve saiatu da, baina Zakarin izan da indartsuena azken kilometroetan, eta, hala, Giroan lortzen duen bigarren etapa bereganatu du. Leitzako txirrindulariak, berriz, bigarren postuarekin konformatu behar izan du.

Aipatu bi horien atzetik sartu da Landa, hirugarren tokian, Roglic eta Nibaliri minutu eta erditik gora aterata. Murgiako txirrindulariak sailkapeneko zortzigarren lekura egin du jauzi. Esloveniarrarengandik hiru minutu baino gutxiagora dago orain Landa.

Bere aldetik, Jan Polanc liderrak lehenengo postuari eutsi dio denbora galdu duen arren. Orain 2:25 segundora dauka Roglic herrikidea.

Larunbat honetan, beste etapa menditsu bat izango dute zain parte-hartzaileek; izan ere, Saint-Vicent eta Courmayeur arteko ibilbidea bete beharko dute txirrindulariek (131 kilometro). Guztira 5 mendate igoko dituzte: bigarren mailako bi, lehen mailako beste bi eta hirugarren mailako bat, azkena izango dena, hain zuzen ere.