Italiako Giroa
Larunbatetik aurrera
Ion Izagirre eta Pello Bilbao, izen handiko laguntzaileak 'Superman' Lopezentzat
agentziak | erredakzioa
Ormaiztegiarra Itzulia irabazita helduko da Girora; gernikarrak, berriz, seigarren bukatu zuen joan zen urteko ekitaldia.
-
Ion Izagirre. Argazkia: EFE
Miguel Angel Lopez kolonbiarra izango da Astana taldearen burua larunbat honetan Bolonian hastekoa den Giroan. 'Superman' goitizenez ezaguna den txirrindulariak Ion Izagirre eta Pello Bilbao izango ditu taldekide Italiako lasterketa handian.
Izagirretarren arteko gazteena 2019ko Euskal Herriko Itzulia irabazi eta gero helduko da Girora; Pello Bilbao bizkaitarrak, berriz, seigarren bukatu zuen joan zen urteko ekitaldia.
Lopez, bere aldetik, hirugarren postuan sailkatu zen aurreko Giroan, baita Espainiako Itzulian ere, eta bere asmoa podiumean gora egitea da urteko helbururik nagusienean, faboritoen artean dagoela berretsiz.
25 urte dituen txirrindulariak kalitatezko are jauzia handiagoa eman nahi du denboraldi honetan, nahiz eta orain arte pilatutako emaitzak onak diren; izan ere, Kolonbiako Itzulia eta Kataluniako Volta bereganatu ditu.
Astana taldeko gainerako kideak honako hauek izango dira Italiako Giroan: Manuele Boaro, Darío Cataldo, Jan Hirt, Davide Villella eta Andrey Zeits.
Lasterketa erlojupeko batekin hasiko da larunbat honetan, Bolonian, eta era berean bukatuko da ekainaren 2an, Veronan.