Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

21. etapa

Chris Froome, 2018ko Giroko irabazlea

eitb.eus

Chris Froomek (Sky) irabazi du Giroaren 101. edizioa. Azken etapa Sam Bennettek irabazi du esprintean eta Pello Bilbaok sailkapen nagusiko seigarren postuan amaitu du lasterketa.

  • Christopher Froome. Argazkia: EFE

    Christopher Froome, 2018ko giroko irabazlea. Argazkia: EFE

Christopher Froome (Team Sky) da 2018ko Italiako Giroko irabazlea. Igande honetan egin da 21. eta azken etapa, Erroman hasi eta amaitu den 115 kilometroko ibilbidea izan duena, eta Sam Bennettek lortu du garaipena esprintean. Pello Bilbao (Astana) izan da euskal txirrindulari onena, sailkapen nagusiko 6. postua lortuta.

Froomek Giro gorabeheratsua izan du. Skyko txirrindulariak denbora galdu zuen faboritoekiko lehen bi asteetan eta azken 8 egunetara arte ez zuen bere onena eman. Britaniarrak ezin zuen jarraitu besteak beste, Simon Yates (Mitchelton-Scott), Tom Dumoulin (Sunweb) eta Thibaut Pinot (Groupama – FDJ) txirrindularien erritmoa. Podiumean sartzea ere zaildu egin zitzaion Froomeri, liderrarengandik 3'50"era ere egon baitzen sailkapenean. Erlojupeko saioetan ere ez zen fin ibili, baina Froomek arantza kendu zuen, Zoncolanen amaitu zen 14. etapa irabazita.

Simon Yates izan zen Giroko líder sendoa 6. etapatik 18. etapara arte. Yatesek 6. etaparen ostean jantzi zuen maglia arrosa eta tinko eutsi zion lidertzari 19. etapara arte. Maila bikaina eman zuen Simon Yatesek, sendo ikusten zitzaion, eta garaipenak ez ziola ihes egingo ematen zuen. 18. etapan, ordea, ahultasun puntu bat erakutsi zuen; segundo batzuk galdu zituen bere aurkari zuzenekiko, baina lidertzari eutsi zion. Yates zen liderra, Dumoulin bigarren zen 28 segundora, Pozzovico hirugarren 2'43"ra eta Froome laugarren, 3'22"ra.

Giroko 19. etapan, aldiz, lehen kilometroetan kale egin zuen Yatesek eta 25 minutu galdu zituen faboritoekiko, etaparen amaieran. Lider zenaren ahultasuna ikusita, Froomek erasoa jo zuen helmugarako 70 kilometro falta zirenean. Inork ezin izan zuen bere erritmoa jarraitu eta etapa garaipena lortu zuen. Gainera, 3 minutu atera zizkion bigarren izan zen Carapazi, 3'07" Pinoti, 3'12" Miguel Angel Lopezi eta 3'23" Dumoulini. Pozzovivok denbora asko galdu zuen, eta podiumeko lehian sartzeko borrotaik at geratu zen.

Froomek maglia arrosa jantzita ekin zion 20. etapari. Britainiarrak 40 segundoko aldea zuen bigarren zen Dumoulinekiko eta 4'17"koa etapari hirugarren postuan ekin zion Pinotekiko. Cervinian amaitu zen etapa Mikel Nievek irabazi zuen. Faboritoen arteko lehiatik at geratu zen Pinot. Frantziarrak txakalaldia izan zuen, eta sailkapen nagusiko 'Top 10'etik at geratu zen. Faboritoen multzoan, Froomek ondo eutsi zien Dumoulinen erasoei eta aurkari zuzenekin batera iritsi zen helmugara. Ondorioz, etapari hasieran zituen abantailak mantentzea lortu zuen.

Azken eta 21. etapara arrosaz jantzita iritsi zen Christopher Froome eta Erroman hasi eta amaitutako etapa bukatuta, 2018ko Giroko txapeldun berria da.