Italiako Giroa
11. etapa
Yatesek lehen postua sendotu du, Giroko bere bigarren etapa irabazi ostean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osimoko azken aldapa gogorrean egin du eraso britainiarrak, eta bakarka sartu da helmugan.
Simon Yatesek (Mitchelton-Scott) irabazi du asteazken honetan Italiako Giroko 11. etapa, Assisi eta Osimo artean jokatutakoa, 156 kilometroko ibilbidea bete ondoren. Hartara, aurtengo bere bigarren garaipena erdietsi du Italiako lasterketa handian.
Txirrindulari britainiarra izan da indartsuena harbideko azken aldapan, eta sendotu egin du liderraren elastikoa Tom Dumoulin (Sunweb) zein gainerako aurkariekiko.
Yatesek Osimoko harresi-barruko azken igoeran (% 16ko maldak zituena) egin du eraso, eta ihes eginda helmugaratu da 3:25:53 denborarekin. Haren atzetik heldu dira Dumoulin herbeheretarra (bi segundora) eta Bora taldeko Davide Formolo italiarra (bost segundora). Hiru horien ostean, lau txirrindulariz osatutako multzo txiki bat sartu da, zortzi segundoko atzerapenarekin. Bertan zeuden, besteak beste, Domenico Pozzovivo (Bahrain-Merida) eta Thibaut Pinot (Groupama-FDJ).
Chris Froomek, berriro ere, denbora galdu liderrarekiko (40 segundo). Pello Bilbaori dagokionez, ez da aurrenekoekin sartu helmugan, baina zortzigarren tokiari eutsi dio sailkapen nagusian (2:54).
Ostegun honetan, Osimo eta Imola lotuko dituen 213 kilometroko hamabigarren etapa jokatuko da.