Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

4. ETAPA

Tim Wellens nagusitu da Caltagironeko aldapan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lotto-Soudaleko belgikarrak Sizilian jokatuko diren lehena bereganatu du. Rohan Dennis australiarrak lider izaten jarraitzen du.

1:30

Tim Wellens (Lotto Soudal) txirrindulari belgikarrak irabazi du asteazken honetan Italiako Giroko laugarren etapa, Catania eta Caltagirone artean jokatu dena 202 kilometroko ibilbidean barrena. Bera izan da indartsuena azken aldapa luze eta gogorrean, eta, besteak beste, Michael Woods (EF Cannondale) edota Simon Yates (Mitchelton-Scott) gainditu ditu, bere taldeak eragin duen txirrindulari-kopuruaren murrizketa baten ostean. Bere aldetik, Rohan Dennisek (BMC) lider izaten jarraitzen du.

Eguneko ihesaldian Jauregui (AG2R), Frapporti (Androni), Barbin (Bardiani), Belkov (Katusha) eta Mosca (Wilier) izan dira, baina helmugara iristeko 20 kilometroren faltan tropelak bertan behera bota du saiakera. Horren atzetik bakarkako ahalegina egin du Valerio Conti (Emirates) italiarrak Zardiniren (Willier) ahaleginari erantzun ondoren. Dena dela, tropel nagusiak harrapatu egin du Caltagironeko kaleetan, non azken kilometroei begira kokapen onena lortzearen borrokari ekin dioten txirrindulariek kale estuetan zehar.

Wellensek lasterketaren burua hartu du azken igoeraren atarian, eta etapa irabazteko faboritoen artean kokatzen zuten aurreikuspenak bete ditu, helmugan bere atzetik sartu diren Woods kanadarra, Enrico Battaglin (LottoNL-Jumbo) italiarra eta Simon Yates britainiarra baino sendoago agertu baita.

Nahiz eta azken txanpan multzo nagusia talde txikiagoetan sakabanatu den, Rohan Dennis australiarrak elastiko arrosari eutsi dio. Haren atzetik dago sailkapenean Tom Dumoulin (Sunweb) herbeheretarra, segundo bakarrera. Hirugarren tokian dago orain Simon Yates, 17 segundoko atzerapenarekin. Laugarren da gaurko etapako irabazlea, 19ra; eta bosgarren jarraitzen du Pello Bilbaok (Astana), 25era.