Italiako Giroa
maiatzaren 4tik aurrera
Froome: 'Giroan indar guztiekin lehiatuko naiz'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako Tourra lau aldiz irabazi duen txirrindulariaren esanetan, 'galera handia' litzateke kirolarentzat bera Tourrean ez egotea, arauei helduta debekatzen badiote.
-
Chris Froome. Argazkia: EFE
Italiako Giroa hasteko lau egunen faltan, Chris Froome (Sky) txirrindulari britainiarrak Eurosport telebista-kateari adierazpenak egin dizkio, eta bertan lasterketa italiarra zein Frantziako Tourra izan ditu hizpide.
Froome Giroa noiz hasiko irrikan dago, "emozio berri" bat izango baitu aurrez aurre; izan ere, inoiz ez du parte hartu lasterketa horretan, eta, horrez gain, ikusi nahi du nola helduko den uztailean jokatuko den Tourrera. "Behin Giroari ekinda, buru-belarri egongo naiz sartuta lasterketan, eta amaitzen denean hasiko naiz Tourrean pentsatzen", adierazi du.
"Giroan indar guztiekin lehiatuko naiz, hori ziur. Itzuli handi batean zaudenean, egunerokoa bizi duzu, eta ez zaude hurrengo astean edo hurrengo hilean pentsatzen. Bosgarren Tourra irabaztea eta hori erdietsi duten txirrindulariekin bat egitea amets sinesgaitza litzateke, baina ez dut horretan pentsatzen denborarik galduko hura lortzea posible den unea iristen den arte", gaineratu du Sky taldeko kideak.
Tom Dumoulin (Sunweb) egungo Giroko txapelduna eta lasterketan izango duen aurkari nagusienetakoari buruz nabarmendu duenaren arabera, "erronka" hori noiz helduko amorratzen dago, oraindik ez baitute elkarren aurka jardun "sailkapen nagusi" baten lehia tarteko dagoela.
Bestalde, onartu duenez, Giroa prestatze aldera, ez zaio "erraza" izan joan zen urteko Espainiako Itzulian eman zuen positiboaren auzia. Beste behin ere, errugabea dela adierazi du, eta, bere aburuz, "galera handia izango litzateke kirolarentzat", baldin eta Frantziako Tourreko antolatzaileek lasterketan parte hartzea debekatuko baliote, zigortuta egon ez arren.