Italiako Giroa
Adierazpenak
Wiggins: 'Astana baino talde indartsuagoa dugu'
Erredakzioa
Sky taldeko liderrak oraindik ez duela amorerik eman argi utzi du, eta Nibali gainditu ezinik jarraitzen badu podiumean sartzeko borrokarako prest dagoela onartu du.
-
Bradley Wiggins. Argazkia: EFE
Bradley Wiggins Sky taldeko liderrak segundo garrantzitsuak galdu zituen, berriz ere, 2013ko Italiako Giroko aurreneko etapa menditsuan. Hala ere, britainiarrak ‘maglia rosa’ janzteko itxaropenarekin jarraitzen du, La Gazzetta dello Sport egunkarian adierazi duenez: "Pozik egon naiteke. Nahiko hotz egon nintzen, eta Nibaliren eta beste mutilen aurka borrokatzeko ehuneko ehunean egon beharko dut".
Bere taldekideen lana ere goraipatu du Ingalaterrako txirrindulariak. "Talde bezala Astana baino indartsuagoak garela esan dezaket, nahiz eta Vincenzo Nibali oso ondo egon. Talde honekin gauzak errazagoak dira", esan du Sky taldeko liderrak.
Atzoko garaipenaren ostean, Rigoberto Uran kolonbiarra hirugarren postuan dago sailkapen nagusian Wigginsen aurretik. Uranek indartsu dagoela erakutsi du, eta ibilbidea bere ezaugarrietara ondo egokitzen da. Hala ere, Bradley Wigginsek ez du ezer esan taldeko liderraren inguruan : "Rigobertorekin hitz egin behar dut. Etapa ederra irabazi du, baina beste egun batean segundoak galdu ditzake. Oraindik erlojupeko bat gelditzen da, eta ez da bere espezialitatea. Dena dago jokoan".
"Nire aburuz, garaipena ez dago oso gertu, baina podiumean sar gaitezke, eta hori lortzeko borrokatzeko prest nago, itzulia irabaztea ezinezkoa bada", esan du Wigginsek.