Euskal Herriko Itzulia
Aurkezpena
Pello Bilbao, Ion Izagirre, Kuss, Martinez, Almeida eta Mas, 2025eko Itzuliko izen nabarmenen artean
EITB Media
Martxoaren 26an egin da 2025eko Itzulia-Basque Countryren aurkezpen ofiziala. Lasterketa apirilaren 7an hasi eta hilaren 12an bukatuko da. Probaren xehetasunen berri eman dute.
-
Pello Bilbao, txirrindularia. Argazkia: EFE
Pello Bilbao, Ion Izagirre, Sepp Kuss, Daniel Felipe Martinez, Joao Almeida eta Enric Mas izango dira 2025eko Itzulia-Basque Country lasterketan parte hartuko duten izen nabarmenenak. Martxoaren 26an egin dute probaren aurkezpen ofiziala, Gasteizen.
Lasterketa apirilaren 7an hasi eta hilaren 12an bukatuko da. Antolatzaileek parte hartuko duten txirrindulari garrantzitsuenen berri eman dute, bai eta Itzuliaren gaineko jakingarriak aletu.
Iragan astean abesti ofiziala aurkeztu zuten, eta martxoaren 25ean kartel ofiziala aurkeztu zuten. Kontsultatu, hemen, parte hartuko duten txirrindularien behin-behineko zerrenda.
Ibilbidea
Urtero legez, Itzuliaren ibilbidea gogorra izango da. Sei etapari egin beharko diete aurre txirrindulariek; luzeenak 199,8 kilometroko ibilbidea du.
Estreinako etapa Gasteizen hasi eta bukatuko den erlojupekoa izango da. Bigarrena, luzeena, Iruñea eta Lodosa artean jokatuko da. Hirugarren etapa Zarautzen hasi eta Beasainen amaituko da, ibilbide gorabeheratsuarekin. Laugarren etapa, Beasain eta Markina-Xemein artekoa, maldan gora amaituko den lehena izango da. Bosgarrenak Urduña eta Gernika-Lumo batuko ditu eta seigarren etapak Eibarren izango du hasiera zein amaiera.
24 talde
Itzuliaren 64. Edizioan 24 taldek parte hartuko dute, eta hauexek dira: Alpecin-Deceunick, Arkea-B & B Hotels, Bahrain Victorious, Cofidis, Decathlon AG2R La Mondiale, EF Education-Easy Post, Groupama-FDJ, INEOS Grenadiers, Intermarché-Wanty, Jayco AlUla, Lidl-Trek, Movistar, Oicnis-Post NL, RedBull-Bora-Hansgrohe, Soudal Quick-Step, Visma-Lease a Bike, UAE Emirates, XDS Astana, Euskaltel-Euskadi, Kern Pharma, Caja Rural-Seguros RGA, Burgos-Burpellet-BH, Tudor eta TotalEnergies.
Etapa guztiak, zuzenean, EITB Median
Apirilaren 7an hasi eta hilaren 12ra artean Itzuliko etapa guztiak zuzenean emango dituzte eitb.eus-ek eta ETB1ek.
Horrez gain, etapak Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere jarraituko ahalko dituzu.